Desfilearen ostean, bigarren eskuko liburuen azoka

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 9a, 12:00

Loralde elkarteak bigarren ekintza prestatu du. Hala, bigarren eskuko liburuen azoka egingo dute zapatuan, abenduak 14, Monterron jauregiaren ondoan, 11:00etatik 15:00etara. Era berean, Debagoieneko hainbat idazle egongo dira liburuak sinatzen.

Otalora Lizentziaduna eta Zarugalde kaleetako hainbat komertziok eta zerbitzuk sortu dute Loralde elkartea, "komunitate kolaboratiboa" sortzeko helburuarekin. "Hasierako ideia Tipi-Tapa, Josle eta Garraxi dendek izan zuten, baina geroz eta establezimendu gehiagok egin dute bat gurekin. Helburua da inguru hau dinamizatzea, askotariko ekintzak eginez", azaldu dute. Era berean, Arrasateko Udalaren babesa ere badu elkarteak.

Gaur-gaurkoz, honako establezimendu hauek osatzen dute elkartea: Bim Bam Bum, Branca, Garraxi, Goiena Komunikazio Taldea, Idiomaster, Josle, Richi, Tipi-Tapa eta Zapping.

Azaroan egin zuten lehen ekintza, baserritar jantzien desfilea, eta orain bigarren eskuko liburuen azokarekin datoz. Esan moduan, Monterron jauregiaren ondoan egingo dute, zapatuan, 11:00etatik 15:00etara. "Gainera, Debagoieneko hainbat idazle egongo dira azokan, haien liburuak sinatzen. "Uste dugu Gabonetako opari polita eta originala izan daitekeela sinatutako liburu bat", nabarmendu dute elkarteko kideek.

Honako idazle hauek egongo dira azokan: Ander Santiago Vega; Arivalia; Dirk Morenweiser; Gemma Iñiguez; Iker Murillo; Intxorta 1937 Elkartea (Juan Ramon Garai); Itsaso Larrauri; Jaione Fernández de Jauregui; Jon Andueza; Josune Murgoitio; Judit Ruiz de Munain; Marian Porcel; Raul Aldabe eta Roberto Telleria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak