Akordoi lehiaketako harrera ekitaldian aitortza jaso du 50 urte betetzen dituen Hauspoz elkarteak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko abe. 6a, 13:38

Hauspoz elkarteko ordezkariak udal ordezkariekin batera jasotako oroigarriak esku artean dituztela.

Martxan da Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketa. Emanaldiak hasita daude, baina antolatzaileek zein nazioarteko lehiaketako parte-hartzaileek eta epaimahaiko kideek tarte bat hartu udaletxean elkartzeko. Kanpotik etorritakoek harrera ekitaldia jaso dute. Hauzpoz elkartearen 50. urteurrena, bestetik, ez da oharkabean pasa; lore sorta eta oroigarria jaso dituzte Udalaren eskutik.

Akordeoi doinuak izango dira nagusi aste bukaera honetan Arrasaten. Martxan dira audizioak Amaia antzokian, Kulturaten zein JAMEn. Eguerdiko atsedena, baina, harrera instituzionala jasotzeko tartea izan da eta udaletxeko areto nagusian elkartu dira nazioarteko lehiaketako parte-hartzaileak, epaimahaiko kideak eta antolatzaileak.

Aurreskua denendako

Aurreskuarekin egin diete harrera udaletxeko sarreran eta areto nagusian jarraitu du ekitaldiak. Arrasateko alkate Maider Morras izan da hitza hartzen lehenengoa, eta guztiei ongi etorria emateaz gainera Arrasate Hiri Akordoi Lehiaketaren garrantzia azpimarratu du. Hauspoz elkarteko kideen zein haien ondoen dauden boluntarioen  lana nabarmendu du eta elkarteak 50 urte betetzen dituen honetan aitortza egin die "Arrasateko herriaren izenean". Txalo artean lore sorta eta oroigarria jaso dituzte Hauspoz elkarteko Arantxa Agirre lehendakariak eta Maria Zubimendi koordinatzaileak.

"Kultura ez da soilik entretenenimendua"

Nazioarteko lehiaketako epaimahai kide Iñaki Alberdi izan da hurrengoa hitza hartzen. Hauspoz elkarteak egindako lana goraipatzearekin batera Arrasate erreferente dela azpimarratu du. "Duela 30 urte Alemaniara joaten ginen, Klingenthal herria. Hura zen akordeoi munduan erreferentea; han aurkitzen genituen errepertorio berriak eta horrekin batera zer ikasi eta norengandik ikasi. Orain, nazioartetik Arrasatera etortzen dira".

Alberdik azpimarratu du, baita ere, kultura ez dela entretenimendua bakarrik. "Kultura mugimendua da, aberastu egiten dugu denon artean. Aurten bi akordeoilari errusiar etorri dira Arrasateko txapelketara. Lehiatzera datoz, baina baita ere ikastera. 50 urteko lana dago horren guztiaren atzean, Hauspoz elkarteak alboan izan dituen instituzioekin eta boluntarioekin egin duen lana".

Hauspoz elkartea eskertuta

Esker onez jaso dute aitortza Hauspoz elkarteko kideek. Alberdiren ostean Hauspoz elkarteko lehendakari Arantxa Agirrek hartu du hitza: "Eskerrik asko guztiei", esan du. 

Hiru egunotan Arrasateko lehiaketa eta jaialdi ezberdinetan parte hartu dutenendako hitzak izan ditu. "Gure artean gustura egotea nahiko genuke. Lehiaketa bera handitzen joan da hiru hamarkada hauetan, eta aurten esparru berriak zabaltzen ditugu". Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi eta Ganbara Musikako Lehiaketari buruz aritu da. "Ganbara musikak garrantzi handia du eta lekua merezi zuen Arrasateko lehiaketan".

Gauzak horrela, hiru eguneko egitarau betea dute Arrasate Hiria Akordeoi Jaialdia osatzen duten lau lehiaketetan; ikasleetatik hasi eta maila profesionalera arte.

Sari nagusia domekan

Jaialdiak lau lehiaketa ezberdin izango ditu bere barruan; esaterako, Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren XXXI. edizioa ospatuko da aurten, eta herrialde ezberdinetako soinujoleak izango dira. Gero, Nazio mailako XLIV. lehiaketa ere izango da; Gipuzkoa lehiaketa deritzona. Kasu honetan, 13 urtetik 18 urtera arteko soinu-joleak izango dira.  Horrekin batera, Arrasate Hiria, Akordeoi eta Ganbara Musikako Nazioarteko I. lehiaketa egingo da. Gainera, lehiakideak ez diren soinu-joleak ere izango dira, sei urtetik aurrerako ikasleak.

Ekitaldiak Arrasateko Amaia Antzokian, Juan Arzamendi Musika Etxean eta Arrasateko Kulturaten izango direla ere adierazi dute aurkezpenean. [Hemen, programazio osoa]

Itxiera ekitaldia domekan izango da 20:00etan Amaia antzokian. Arrasate Hiria zein Gipuzkoako Lehiaketako sarien banaketa egingo dute bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak