Ione Ateneak zuzendutako dokumentala da. Era berean, Lidak, Candidak, Katiak, Silviak, Rosa Marik eta Helenak "entzun nahi ez den" errealitatea deskribatzen dute, "deserosoa, zaintzaileena, izendatzen ez dena". Haien kontakizunak "egiturazko desberdintasun guztiak eta aurre egin beharreko hutsune legal eta moral guztiak" biltzen dituela gaineratu dute Emakume Txokotik.
Zaintza lanetan dabiltzan emakume migratzaileen errealitatearen inguruko hausnarketa proposatzen du filmak. "Lan horietan aritzen diren emakumeak ditu protagonista eta zaintza lanen baldintzak bere gordinean erakutsi eta horien inguruko hausnarketa sustatzen du".
Izenburua protagonistetako baten esaldi batetik abiatzen da: "Itzal bat gara, jendeak zaindua ikusten du, ez zaintzailea". Antolatzaileek nabarmendu dute "ikusezintasun egoera bat" pairatzen dutela emakume horiek, "esplotazio baldintzei gehitzen zaiena, eta ez bakarrik ekonomikoa, baita fisikoa ere, pertsona bakar batek ezin baitu lan guztia egin".
Ondoren, solasaldia
Hiruki Filmak eta Bidez Bide elkarteak ekoiztu dute ikus-entzunezkoa. Hain zuzen, Bidez Bide elkarteko Katia Reimberg eta Soraya Ronquillo izango dira ondorengo solasaldian. "Zaintzaileen eskubideez eta zaintza lanen ardura publiko eta komunitarioaren beharraren inguruko eztabaidan murgilduta gauden honetan, beharrezkoak dira horrelako lanak. Proiekzioaren ondorengo solasaldian izango dugu hausnarketa horri ekiteko aukera. Emakume Txokotik gonbidatu nahi zaituztegu emanaldira hurbiltzera".