Landa eremuko lursailak topografikoki mugatzen jarraitzen du Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 3a, 11:05

1/2/3/10/11 poligonoak egin ondoren, udalerriko 5/6/9 poligonoetako lurren mugaketarekin jarraituko du. Horretarako, Geograma enpresaren zerbitzuak kontratatu ditu, lizitazio publiko bidez.

Udal ordezkariek adierazi dutenez, jabeen edo haien oinordekoen landa-ondasunen inguruko "ezagutza faltak edo ezjakintasunak" mugak nahastea edo besterik gabe desagertzea eragiten du. "Horrek, mendia ez zaintzea eragiten du eta ondorio larriak eragiten ditu landa eremuetan", gaineratu dute.

Landa-lurretan kokatutako 1.095 hektareako azalera duten 454 lursail baino gehiago mugatzeko lanekin hasi da Udal. "Proiektu honetan daukagun erronka oso garrantzitsua da, landa-lurraren hedadura handia delako. Hori dela eta, gainerako poligonoak hurrengo urteetan egingo dira", nabarmendu dute.

Proiektuaren helburuak honako hauek dira: katastroko mugetan egon daitezkeen akats posibleak argitzea, horiek zuzentzea eta muga zein mugarriei GPS koordenatuak ematea.

Lankidetzarako eskaera

Lanak "behar bezala" egiteko, 180 jabe baino gehiagoren lankidetza izatea ezinbesteko baldintza da, horiek adostu beharko baitituzte auzokideekin lursailen mugak eta mugarriak. "Lanak egin ostean, adierazitako mugen zein mugarrien koordenatuak dituzten planoak emango zaizkie jabeei, behar izanez gero, katastroko mugak zuzenduz. Kosturik gabe jasoko dute katastroko lursailen jabeek dokumentazio hori".

Beraz, Udalak lankidetza eskatzen die lurren jabeei, auzokideekin mugak adosteko. "Auzokideen artean adostasunik ez badago, proiektua ezin da gauzatu eta katastroko mugak bere horretan geratuko dira. Jabeen parte-hartzea borondatezkoa da eta ez die gastu ekonomikorik ekarriko. Hori bai, aldez aurretik, mugak garbitu, mugarriak aurkitu eta auzokideekin mugak adostu beharko dituzte neurketa topografikoak egin baino lehen".

Arrasateko 5/6/9 poligonoetako lurren jabe guztiek jasoko dute azalpen bilera baterako deialdia. Bilera hori abenduaren 17an izango da, Kulturateko areto nagusian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak