Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo badute ere, gaur arratsaldean etorrera prestatzeko Gozaldia egin dute Arrasaten. Gozaldia "gozo" hitzarekin lotu, eta herriko lau gozogilek euren postuak jarri dituzte. Arratsaldea bera Arrasateko Euskaraldiko hamaikakoa aurkezteko aprobetxatu dute, eta hurrengo herritarrek osatuko dute: Brian Mena Echeverria, Anixe Uribarren Bengoa, Luka Bergaretxe Otadui, Maitane Tricio Duque, Aitor Etxezarreta Learreta, Gloria Nieves del Olmo, Arkaitz Agirrezabal Mateo, Emma Cairns, Fernando San Miguel Zubieta, Lucy Cebrino Lozano eta Belen Kortabarria Atxa.
Aukeraketari dagokionez, Euskaraldiko dinamizatzaile Uxue Sampedrok gaineratu du bileretan egin diren izen proposamenetatik ez dituztela ezezko asko jaso eta orokorrean jendea prest egon dela. "Euskal Herri mailan den moduan, ez da bakarrik Euskaraldiko irudi izatea, baizik eta euren aldetik ere prestutasuna izatea haien ingurunean eragiteko, denon erabilera ariketa den honetan jendea xaxatzeko", adierazi du. Horregatik, adin tarte, herriko auzo eta profil ezberdinetako herritarrak izan dira aukeratutakoa.
Euskarari ekarpena egiteko modua
San Andresko batzordeko kide Maitane Tricio eta duela zazpi urtetatik Arrasaten bizi den Ipar Irlandako Emma Cairns dira hamaikakoan parte hartzeko proposamenari baiezkoa eman diotenetako bi. Triciorentzat herriari ekarpena egiteko modua da. Aurreko urteetan Ahobizi rolean parte hartu du eta hala egingo du hurrengo edizioan ere: "Nahiz eta egunerokotasunean euskara erabili, txapa jartzeak motibatzen zaitu euskaraz hitz egiteko ahalegina egitera. Euskara gehiago erabiltzen saiatzen zaren egunak izaten dira".
Cairns-ek zazpi urtetan ikasi du euskaraz hitz egiten eta beste edizio batez hartuko du parte Euskaraldian. Hamaikakoari dagokionez, "oso pozik" hartu zuen proposamena: "Gustatzen zait kanpotarraren papera bermatzea ekimenean. Guk ere badaukagu gure papera hemen eta gure ekarpena egingo dugu euskara babesteko".
Bere kasuan, egunero egiten du berba euskaraz, baina iruditzen zaio lagunen artean edo komertzioetan badutela ohitura hitz egiterakoan hizkuntza aldatzeko, eta "hori aldatu egin behar da". Berarentzat "polita" izango da erronka horri aurre egitea.
Haren jaioterrian ere gaelikoa hizkuntza gutxitua da, eta hango egoeraz galdetuta, gaineratu du han ere saiatzen direla halako mugimenduak sortzen eta Euskaraldia bezalako ekimena inspirazio iturri izan daitekeela.
Hasierako ilusioa berreskuratzea helburu
Euskaraldiko batzordea hasi da lanean, eta egin dituzten azken bilerak Gozaldiaren bueltakoak izan badira ere, Sampedroren hitzetan planteatu dute Geikeko eragileekin lan egitea.
Hala, Euskaraldiaren laugarren edizioa "alaia" izatea espero du, eta era berean, "hasierako ilusioa" berreskuratzea: "Lehenengo edizioan zerbait berria zen Euskaraldia, eta orduko ilusioa berpizteko gogoa daukagu. Lan asko daukagu aurretik, baina uste dut, posible dela".