Euskal dantzak 'ereiten' jarraituko dute zapatuan

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 29a, 10:34

Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeko kideak, Herriko Plazan dantzan.

Txikitxu-Arrostaitz dantza taldearen 55-35. urteurreneko beste ekintza bat egingo dute zapatuan. Antolatutako bederatzi ekintzetatik hirugarrena izango da, eta euskal dantzetan hasi berri direnentzat zein urteak daramatenentzat ikastaroa egingo dute.

Txikitxu-Arrostaitzen 55-35. urteurrenaren baitako hirugarren ekintza egingo dute asteburuan: Ereiten. Dantza ikastaro bat egingo dute, "adin tarte guztiei zuzendutakoa; herriko jendeari eta inguruko herrietakoei ere", dantza taldeko kide Maite Bilbaok adierazi duenez. Ikastaroa bi mailatan banatuko dute: alde batetik, hastapenean ari direnentzat egingo dute; eta, bestetik, maila aurreratuagokoa. "Hastapenean oinarrizko pausoak eta plazako dantzak ikasiko dituzte; maila aurreratuan, berriz, santamasen bueltan egiten den txerri dantza ikasteko aukera egongo da", Bilbaok iragarri duenez. Ikastaroa azaroaren 30ean izango da, zapatuan, 10:30etik 12:30era bitartean, Kulturolako taldearen lokalean.

2025eko urriaren 18an egingo dute 55-35. urteurreneko ekitaldi nagusia, Uarkape frontoian

Kapituluka banatzen

Irailaren 21ean hasi zituzten 55-35. urteurreneko ekintzak, Sutan izenpean. Ordutik hona, "kapitulutan" banatu dituzte ekitaldi guztiak, guztira bederatzi saio antolatuta. Hainbat izango dira egingo dituzten ekintzak; tartean, erakusketa bat, kaleko entsegu bat edota kantu bazkari bat, baina egutegian gorriz markatu beharreko data 2025eko urriaren 18a da, orduan egingo baitute Txikitxu-Arrostaitzen 55-35. urteurreneko ekitaldi nagusia: Lotzen. "Uarkapen egingo da, 18:00etatik 20:00etara. Bertan elkartuko gara 55-35 urte hauetan dantza taldean ibili garen guztiok, beteranoenetatik hasi eta gaztetxoenetara, eta bi orduko saioa egingo dugu. Dantzariez gain, Arrasateko musikariak ere egongo dira Uarkape pilotalekuan, eta herritarrak animatu gura ditugu ekitaldira, saioaz goza dezaten".

Urteetan egindakoa erakusten

Zenbait hamarkadaz ibili dira Txikitxu-Arrostaitzeko kideak euskal dantzak erakusten, zabaltzen eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa egiten, eta urte horietan egindako esfortzua erakustea bada ekimen horren helburuetako bat, Bilbaoren arabera: "Guztiok partekatzen dugu euskal dantzekiko pasioa, eta hori da Txikitxu-Arrostaitzen balioetako bat. Ekintza horien helburua da 55-35 urte hauetan izan ditugun konpromisoari, lanari eta esfortzuari balioa ematea eta herriak ikustea dantza taldeak egindako ibilbidea nolakoa izan den. Era berean, Txikitxu-Arrostaitzi bultzada emateko ere aprobetxatu nahi dugu, taldea oso osasuntsu dagoela iruditzen zaigun arren. Gainera, euskal dantzen bueltako folklorea sustatzeko ere elkartuko gara, besteak beste".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak