Hamar urte bete ditu Nerea Loron Diazen La Furia proiektuak. Amorruz sortutako izena man- tendu du, haren identitatearen parte izan delako, eta orain, izena du babesleku.
Bidaia askoren soinua duen eta identitatearen amildegietan dabilen diskoa sortu du: Ultra, bosgarrena haren ibilbidean. "Pozik dago" emaitzarekin, eta "egin duen diskorik onena" dela aitortu du.
Zortzi kantuko bilduma
Identitateaz, ez-lekuez, bisexualitateaz, Erriberaz, itotzen duen musikaren industriaz, desiraz, beldurraz eta bertigoez egiten du berba orain dela egun gutxi argitaratu duen zortzi kantuko sortan; eta, orain arteko lanekin alderatuz, azpimarratzekoa da euskararen presentzia handiagoa duela. Erabaki politikoa izan dela dio: "Euskara betidanik barruan izan dut, eta orain Arrasaten bizi naiz eta asko lagundu dit horrek euskara gertuagotik sentitzen eta parte sentitzen; izugarri eskertuta nago Arrasateko lagunekin".
Musikari dagokionez, badago oraindik ere rapa, baina estilo gehiagori ere lekua egin die bilduma berrian. "Bakalaoa dago, instrumentazio akustikoak daude, pop elektronikoa, reggaetona eta teknoa ere bai".
Aiertekin kantu bat
Orain dela bi urte egin zen Danbakan ezagutu zuten elkar La Furiak eta Aiert Alberdi musikari gazteak, eta harrezkero elkarren sostengu dira une askotan. Horren erakusle, elkarrekin abestu duten Pobre cancioncita mía kantua.
Oñatiko musikariaz gain, kolaborazio gehiago ere batu ditu: ODEI artistarekin partekatu du Erro kantua eta Rebeka Lane lagun musikariarekin, berriz, Gasolina izenekoa.
Zuzenekoak, urtarrilean hasita
Baga Biga ekoiztetxearekin argitaratu du eta Durangoko Azokan ere eskuragari izango da; han izango da La Furia ere, abenduaren 5etik 7ra bitartean. Urtarrilean hasiko da zuzenean aurkezten eta dagoeneko iragarri du urtarrilaren 9an Bilboko Kafe Antzokian izango dela; sarrerak salgai daude.