Carlos Diaz entrenatzaile sevillarrak Ointxe!-n jarraituko ez zuela iragarri ostean, Mondragon Unibertsitateko neskek balio handiko garaipena eskuratu dute asteburuan Bartzelonan (58-80), eta seguruenik gorabeheratsua izan den aste bati amaiera emateko modurik onena izan da. Taldeko entrenatzaile berri David Peñarekin izan da GOIENA –ondoan dago elkarrizketa–, eta Mataron jokatutako partiduaz egin du berba: "Hasiera ezin hobea izan genuen. Erritmo oso altuan hasi ginen jokatzen, sekulako energiarekin; neskek kolpea eman nahi zuten mahai gainean. Egia esan, aurreikusi baino askoz hobeto ibili ginen defentsan, aste barruan egindako bi lan-saioetan erasoko jokoan jarri genuen-eta arreta, eta ez horrenbeste defentsan. Hala, lehenengo laurdenean lortu genuen abantaila ikusgarria izan zen (2-18), eta, gero, abantaila hura kudeatzen saiatu ginen".
Bigarren sailkatua dator bihar
Peña kontziente da zapatuan joan den astekoa baino kontrario gogorragoa izango dutela aurrean, Gironako Geiege Pacisa bigarren dago-eta sailkapenean, ligan sei partidu irabazita –hiru garaipen ditu MUk–. "Kontrario gogorra izango da, zalantza barik. Baina espero dudana da joan den astean erakutsitako lanak progresioa izatea, aurrerapausoak ematen joatea. Saskibaloi ausart baten aldeko apustua egin dugu, proposamen berriekin gatoz, eta hori Iturripeko zaleen aurrean erakutsi nahi dugu. Neskak gogotsu daude erakusteko hau dela euren maila, eta uste dut nire erronkak ere hori izan behar duela, kategoria honetan entrenatzeko maila badaukadala".