Amiantoaren inbentarioa egiten hasi da Arrasateko Udala

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 25a, 15:56

Argazkia: C.C.

Azterketa lan horiek "herritarren osasun prebentzio" lanen barruan kokatu ditu Udal Gobernuak; "izan ere, amiantoa osasunarentzat oso kaltegarria da, minbizia eragiten duela frogatu baita". Nabarmentzekoa da 2022an onartutako legeak udalerriei behartzen diela amiantoa duten eraikin eta kokaleku guztien errolda egitea.

Amiantoaren inbentarioa egiten hasi da Arrasateko Udala eta sei hilabetez ariko da lan horietan. Azterketa horrekin, amiantoa daukaten eraikinen mapa interaktibo bat egin nahi dute. "Modu honetan, interbentzioak egin baino lehen, Udala jakitun izango da amiantoaren arriskuaz".

Datu horiek, gainera, EAEko datu-base batean sartuko dituzte, errolda bateratu batean erasandako eraikinak identifikatzeko. Halaber, azken txostenean, amiantoaren errolda osoa jasotzeaz gain, egutegi bati lotutako ekintza plan bat ere jasoko dute.

Lehenik, eraikinen azterketa

Hainbat fase izango ditu inbentarioak. Lehenik, eraikinen azterketa historikoa egingo dute, udal artxiboan jasotako informazioa aztertuz, eraikinen inguruko proiektuak eta erabilera historikoak ezagutzeko.

Era berean, ortofotografia bidezko analisia ere egingo dute, "airetiko analisia eraikinen gainazalean dauden materialak aztertzeko, amiantoa egon daitekeen identifikatuz". Udal ordezkariek azaldu dutenez, teknika hori "oso baliagarria" da industriaguneetako poligonoak aztertzerako orduan.

Ur-hornidurako sarearena ere bai

Ur-hornidurako sarearen azterketa ere egingo dute. "Izan ere, azpiegitura hauek lur azpian egonik, ez daude begi bistan; beraz, azterketa berezia egingo da". Horretarako, herriko ur-hornidurako sarearen adina aztertuko dute, "amiantoaren mapari geruza bat gehitu ahal izateko, hornidura-hodiek amiantoa izateko duten arriskuarekin". Horrez gain, instalazio horiek ikuskatzeko jarduketa-protokolo bat ere egingo dute.

Azkenik, zuzeneko analisia egingo ute, aurretiaz jasotako informazioa egiaztatzeko. "Horretarako, landa-lana egingo da, eraikinen barrualdea eta materialak ikuskatuz eta laginak hartuz, amiantoa dagoen ebaluatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak