Zer moduz dinamizatzaile lanetan?
Oso gustura; ilusio handiz nabil. Orain arte, hainbat herri mugimendutan ibili naiz, eta hau ere lan oso herrikoia da; jende asko ari naiz ezagutzen. Pozik nabil.
2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da laugarren Euskaraldia, baina egubakoitzean hasiko zarete motorrak berotzen, hilaren 29an.
Halaxe da. Gozaldia Eguna prestatzen ari gara. Euskal Herriko gainontzeko herrietan azaroaren 30ean ospatuko dute egun hori, baina guk Gozaldia egubakoitzera aurreratzea erabaki dugu, zapatuan bestela ere Arrasaten gauza mordoa egongo direlako.
Zer zabiltzate prestatzen datorren egubakoitzerako?
Gozaldia izena duenez, pentsatu dugu egubakoitz arratsaldea zapore gozoz hastea; gozoekin lotu dugu izena. Hala, herriko hainbat gozogile gonbidatu ditugu Seber Altuben egingo dugun ekitaldira. 17:00etan hasita, Goxo Goxuakoak egongo dira, Errastikoko gozogileak ere bai, eta Saharako pastak ere jarriko ditugu salgai. Hala, prezio sinboliko batean, bi euroren truke, gozoak jateko aukera izango da, eta edateko sagar-zukua jarriko dugu. Asmoa da postuak 17:00etan irekitzea, eta, horrekin batera, Txatxilipurdiko lagunak izango dira haurrekin eta gurasoekin jolasean. Behin jendea Seber Altubera gerturatuta, 18:00etan ekitaldia hasiko dugu, eta ordu erdi inguru iraungo du.
Zein da ekitaldiaren helburua?
Euskaraldiaren Batzordea martxan jartzea, eragileekin harremantzea, herriko hamaikakoa aurkeztea... Euskaraldia bera girotzen hasteko helburua izango du. Bertso eskolako bertsolariekin hasiko dugu ekitaldia, eta herriko hamaikakoa osatuko duten lagunak aurkeztuko ditugu. Gero, Anixe Uribarrenek pare bat abesti joko ditu; gainera, hura da hamaikakoa osatuko duten lagunetako bat. Herritarrak Seber Altubera joatera animatu nahi ditugu.