Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren baitan, Arrasateko Udalak "gaitzespen irmoa" adierazi du "indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean", eta mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin "lan egiten jarraitzeko konpromisoa" berretsi du. Aurten, arreta jarri nahi izan dute "emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan", eta adierazi "ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen direla". Gainera, "mutil eta gizon gazteengan eta, bereziki, eremu digitalean" hazten ari den "joera neomatxista" ere salatu gura izan dute.
Era berean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren baitan, Arrasaten egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak –12:00etan, Herriko Plazan, Ikamak eta Gazte feministak deituta, eta 19:00etan Seber Altuben, mugimendu feministak deituta–.
Konpromiso batzuk hartuko dituzte
Udaletik azaldu dute emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten dietela "gizarteak egiturazko arazo bat duela", eta, horrekin lotuta, Udalak zenbait konpromiso hartuko dituela jakinarazi du:
- Alde batetik, "herrian euste-horma kolektiboa" aktibatuko dute, "emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean". Gainera, "mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko, partaidetza-mahaiak, zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei aurre egiteko tokiko sareak edota kolektiboko protokoloak" sortuko dituzte.
- "Gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak" ere hartuko dituzte, batez ere "mutilei zuzendutakoak, egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako
mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko". Era berean, "eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea" du helburu, eta horregatik, Feminismo sailetik "hausnarketa fase bat" ireki dute, "Arrasateko hezkuntza komunitatearekin batera eskoletara bideratzen ditugun formakuntzaren edukia eguneratu eta sakon aztertzeko helburuarekin". - Azkenik, "Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak" erabiliko dituzte, "eskola-curriculumean jarrera ukatzaileetan eta jarrera matxisten normalizazioan esku-hartzea indartzeko".
Beste hainbat ekintza
Azaroaren 28an, Casarse por papeles es verdadero amor antzerki kabareta izango da Juan Arzamendi Musika Etxean, 19:00etan hasita, eta hilaren 30ean, berriz, tailer bat egingo dute Emakume Txokoan, 10:00etatik 13:00etara bitartean, "indarkeria matxistaz gogoeta egiteko eta elkarrekin eztabaidatzeko aukera" emango duena: Indarkeria Matxista: defentsa eta salaketa aukerak.