Autobus geltokiaren kokapenari buruzko galdeketaren ostean, Gobernuak eskatu die EAJri eta PSE-EEri "herritarren artean desinformazioa sustatzen dituzten adierazpenak" ekiditeko. "Duela gutxira arte, haiek izan dira Udal Gobernuan, eta autobus geltokiarekin izan zuten planifikazio falta eta inprobisazioa garbia da kronologiari erreparatzen badiogu", nabarmendu du Gobernuak.
Besteak beste, Gobernuak gogorarazi du 2020ko udazkenean autobus geltokia Garibain mantentzea erabaki zutela sozialistek eta jeltzaleek, Gobernuan zeudela. "Gero, 2021eko otsailean autobus geltokia behin-behinean Zalduspera eramatea erabaki zuten, herritar talde batek EH Bildurekin batera Garibai oinezkoentzat bilakatzeko eskaerari erantzunez. 2021eko apirilean ireki zuten Zalduspeko behin behineko geltokia".
Gaineratu dute, ordutik, denbora izan zutela Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatzeko eta ez zutela egin. "Maria Ubarretxenak, orduko alkateak, Goienan egindako adierazpenetan esan zuen aldaketak bizpahiru urte behar dituela. Horrek garbi adierazten du EAJ gezurretan ari dela diseinua eta esleipena 2025erako amaituta egon daitezen proposatzen duenean".