Mertxe Salaberri (Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa): "Kantu ezagun asko eta une hunkigarriak ditu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko aza. 18a, 16:03

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko eszena-laguntzaile Mertxe Salaberri.

El huésped del sevillano zarzuela ikusteko aukera izango da, azaroaren 22an 20:00etan eta azaroaren 23an eta 24an 19:30ean, Amaia antzokian, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoaren eskutik.

Orain dela 20 urte egin zuten El huésped del sevillano (Jacinto Guerrero) zarzuelaren beste bertsio bat egingo du Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak; estreinaldirako egun batzuk falta dira, eta Mertxe Salaberri (Arrasate, 1964) eszena-zuzendariarekin elkartu da GOIENA.

2004an egin zenuten estreinakoz.

Oso ezaguna da, eta, orokorrean, asko gustatzen zaio publikoari, baita elkarteko kideoi ere; amodiozko eta desamodiozko istorio bitxiak ditu honek ere. Bi ordu irauten du, hamabost minutuko atsedenaldia ere kontuan hartuta. Urtarrilean egin genuen Antología de la zarzuela ikuskizunean pieza batzuk kantatu genituen, baina gogotsu gaude berriz osorik erakusteko.

Berrikuntzak dakartzazue, ezta?

Hala da; bakarlariei edo pertsonaia nagusiei dagokienez, adibidez, Mikel Izurrategi izango da errepikatuko duen bakarra, eta alboan izango ditu Susana Vazquez, Lander Oyanguren, Maria Izaga eta Ion Aranbarri. Dekoratuak ere berriak dira, eta jantzi gehienak ere bai.

Zelako doinuak entzungo ditugu?

Erromantza edo kantu ezagun asko ditu; esaterako, Fiel espada triunfadora eta Las Lagarteranas. Cristina Cubillo eta Eduardo Arzamendi dira musika-zuzendariak, eta euren lana izan da, bereziki, bakarlariak eta abesbatza prestatzea. Bakarlariendako kantu oso konplikatuak daude, eta gogor egin dute lan. Abesbatzarendako samurragoa da, eta publikoarentzako, oso erraz ulertzekoa eta gozagarria; une hunkigarri asko ditu.

Zer diozu eszenografiari buruz?

Dekoratu guztiak berriak dira; ohi moduan, Javier Burgosen eta Cristina Gonzalezen ardu- rapean. Bi zatitan dago banatuta obra; bada, bi gune ikusiko dituzue: Toledoko plaza iturri batekin eta sevillarraren ostatua. Jantziei dagokienez, aurreko aldikoaren bidetik doaz: garaiko aberatsen traje dotoreak eta herritarren xumeagoak. Aurreko alditik berreskuratu eta moldatu egin ditugu batzuk, eta berriak sortu ere bai. Nire ardura izaten da ideia berriak asmatzea, eta hastapenetatik ari den jostunen taldea izan dut alboan.

Lantalde handia oraingoan ere taularen gainean eta atzean.

Kantuan eta antzezten 60 lagunetik gora izango gara, eskarmentua dugunak eta kide berriagoak, Iker Olazabalek zuzentzen duen Arrasate Musikaleko Orkestra gurekin izango dela ahaztu barik. Atzeko lanetan ere lagun asko: aurrez aipatutako jostunak eta dekoratu-egileak, makillatzaileak eta ile-apaintzaileak... Horien artean boluntario asko daude; bada, eskerrik asko denoi zuen ezinbesteko laguntzagatik!

Sarrera salmentarekin pozik?

Bai; oso pozik, baina oraindik ere emanaldi guztietarako daude; beraz, animatu! Amaia antzokiko leihatilan eta Arrasate.eus atarian dituzue, hogei eurotan eskuragarri.

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak 2004ean egin zuen El Huésped del sevillano-ren une bat. Argazkia: Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak