Erreka garbiketak zapore gazi-gozoa utzi dio Arrasateko Erreka Batzordeari

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 18a, 13:09

Gutun bidez adierazi dutenez, "lagun asko" batu ziren aurtengo garbiketan eta "zabor ugari" atera zuten denen artean errekatik. "Edozelan ere, esperientziatik esan dezakegu jarraitzen dutela egoten zabor asko pilatzen duten erreka zatiak, puntu beltzak deritzogunak".

Oro har, urriaren 19an egindako erreka garbiketaren balorazio positiboa egin du Arrasateko Erreka Batzordeak. "Aurten ere, lagun asko batu ginen eta zabor ugari atera genuen denon artean errekatik. Gainera, herrien artean antolatzeko izan dugun gaitasuna azpimarratu nahi dugu, izan ere, Debagoieneko herri gehienetan ekintza arrakastaz gauzatu ahal izan dugu, denok egun berean errekara begira jarriz. Horrez gain, egitarau bateratua antolatu dugu askotariko hitzaldi, irteera eta ekimenekin", nabarmendu dute.

Bestalde, Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean, Hemen, hasten da itsasoa kanpaina abiatu dute eta, ondorioz laster jarriko dituzte Arrasateko kaleetan plaka txiki batzuk, helburu dutenak "herritarrak sentsibilizatu eta zaborra lurrera botatzea ekiditea".
 

Udalari hainbat eskaera

Balorazio positiboak, ordea, baditu bere alde ilunak, batzordetik esan dutenez. "Azken urteetako esperientziatik esan dezakegu, Arrasaten jarraitzen dutela zabor asko pilatzen duten erreka zatiak, puntu beltzak deritzogunak". Zehazki, honako hauek dira: 
    • Maalatik Gelmara (litxarreria plastikoak, latak...).
    • Gelma auzoan (litxarreri plastikoak, tabernako zaborrak...).
    • Mojategin (Eroski aldetik gasolindegiko eta supermerkatuko plastiko, eskularru...).
    • Ibaiondon (Eroskiko aparkalekutik kamioi gidariek zuzenean botatzen duten zabor poltsak).
 
Puntu beltz horiek urtez urte errepikatzen ari direla ikusita, egoera horiek konpontzeko baliabideak jarri ditzala eskatu diote Arrasateko Udalari; "adibidez, errekara zabor gutxiago jausteko sareak jar ditzala ahal den eremuetan eta honen ardura duten establezimenduekin hitz egin dezala. Guk ere, iaz bezala, puntu beltzen inguruko jardueretako arduradunei gutuna idatziko diegu, haiek sortutako zaborraren kargu egin daitezen", azpimarratu dute. 
 
Bukatzeko, zera gaineratu dute: "Arrasateko Erreka Batzordetik lanean jarraituko dugu auzolanaren bitartez herria egiten, herri-kohesioan sakontzen, natura ezagutzen eta erakusten. Eskerrik asko, modu batean edo bestean herrietako auzolana posible egin duzuen guztiei, datorren urteko zitan berriro elkartzea espero dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak