Arrasaten dagoen Debagoiena Ezker Kultur Gunean izan zen, asteartean, Glenna Cabello (1959, El Furrial, Venezuela) Venezuelako kontsula. Bilbon du egoitza, baina Debagoienean "gustura" ibili da.
Debagoiena Ezker Guneak gonbidatuta hitzaldia egin berri duzu Arrasaten. Nola joan da?
Bai, Kulturaten hitzaldi bat egitetik nator, “Venezuela jomugan: egungo egoera ulertzeko gakoak” izenburupean. Hitzaldi hori Kontsulatuak Euskadi osoan hitzaldi eta konferentzietan parte hartzeko duen estrategiaren barruan sartzen da, Venezuelan gertatzen ari denaren benetako errealitateari buruzko eztabaida eta hausnarketak sortzeko.
Venezuela albiste izan da azken hilabeteotan; azken hauteskundeek eztabaida handia sortu zuten. Gardentasun falta zein emaitzen balizko manipulazioa kritikatu dira. Zer balorazio egiten duzu?
Gaur egun Venezuelako instituzionaltasuna eta hauteskunde-prozesua zalantzan jarri nahi dutenak iruzurrekin edo gardentasun gutxirekin, iraganean Venezuelako hauteskunde-prozesu guztiak zalantzan jarri dituzten berberak dira. Azken 25 urteotan nire herrialdean 31 hauteskunde prozesu egin dira, maila guztietakoak. Guztiak jarri dituzte zalantzan. Guztiak. Azken hauteskunde hauetan ez zen gutxiago izango.
Kezkagarriena da iruzur akusazio horiek ekintza oso bortitzekin batera etorri direla, eta ekintza horietan venezuelarrak hil direla. Kasu horietan guztietan agerian geratu da Venezuelako gobernuaren aurkako desegonkortze-estrategia bat dagoela martxan.
Horrek guztiak oihartzun handia izan du nazioartean.
Komunikabide handiek paper erabakigarria jokatu dute Venezuelako hauteskunde prozesuetan “gardentasun gutxiko” narratiba horren eraikuntzan. Gainera, manipulaziorako, fake news-etarako eta egia-ostea delakorako oso gune emankorrak bihurtu diren sare sozialek areagotu dute dena.
Nire herrialdeko hauteskundeetan iruzurra edo gardentasun gutxi egon dela diotenak, Juan Guaido “bitarteko presidente” gisa aitortzea erabaki zuten sektore berekoak dira. Caracaseko plaza batean bere burua presidentetzat izendatu zuen diputatu bat babestea erabaki zuen herrialde talde batek. Hori guztia erokeria izan zen. Erokeria oso arriskutsua, horrelako gertaera politikoek sor dezaketen aurrekariagatik.
Zer gertatu zen presidentetzarako azken hautaketan?
Komunikabide handiek ustezko inkestak argitaratu zituzten, eta agertoki bakarra proiektatu zuten narratiba bat eraikiz: Edmundo Gonzalez Urrutia hautagai opositorearen garaipena. Lerro narratibo bat eraiki zuten, eta hor ez zegoen aukerarik Maduro presidenteak irabaz zezan. Edo beste modu batera esanda, Maduro presidenteak irabaz lezakeen soilik iruzur batekin.
Hori guztia aurretik ondo diseinatutako estrategia bat izan zen, eta, beti izan den bezala, Venezuelako gobernuaren aurkakoak izan diren kanpoko sektoreek diseinatu zuten. Venezuelako eskuineko sektore erradikalek prest zuten estrategia hori. CNEk igandean, uztailaren 28an, emaitza ofizialak iragarri ostean, oposizioak iruzurra argudiatu zuen. Hurrengo orduetan ustezko “akta” batzuk argitaratu zituzten web atari independente batean, oposizioko hautagaiari garaipena ematen ziotenak.
Zer gertatu zen gero?
Ezetz asmatu, akta horien arabera, oposizioko hautagaiak zein portzentajerekin irabazi zuen? Inkestagileek hauteskundeen aurretik aipatu zituzten kopuru berdinekin: %66 Edmundo Gonzalezentzat eta %33 Nicolas Madurorentzat. Eskandalagarria izan zen. Agerian geratu ziren bikoizketak, inkonsistentzia tekniko eta matematikoak, eta iruzurrezko aktak. Venezuelatik kanpo ez da horren berri eman.
Testuinguru horretan, Justizia Auzitegi Gorenera jo zuen Maduro presidenteak, auzibide helegitea aurkezteko, hauteskundeen emaitzak berrikus zitzan. Prozesuan parte hartu ez zuen hautagai bakarra Gonzalez jauna izan zen. Gainerako 10 hautagaiek epaiketan parte hartu zuten eta euren helegiteak azaldu zituzten. Beharrezko ikerketa eta peritatze judizialak egin ziren, eta Venezuelako auzitegi gorenak CNEk iragarritako emaitza ofizialak berretsi zituen: Maduro presidenteak irabazi zuela hautaketa. Venezuelako indar politiko guztiek onartu zituzten emaitzak. Baina, tira, Gonzalez jaunak dio berak irabazi zuela, eta Venezuelako eskuin muturreko sektoreak, Ameriketako Estatu Batuek eta Latinoamerikako eskualdeko zenbait herrialdek, Javier Milei Argentinako presidentea buru dutela, babesa ematen diote.
Oposiziotik eta Europako hainbat herrialdetatik diote Maduroren gobernuak ez dituela giza eskubideak errespetatzen.
Venezuelan giza eskubideak zalantzan jartzen dituzten Europako herrialde horiek nahiko lotsatiak dira Gazako genozidioari buruz hitz egitean. Giza eskubideen errespetuari heltzeko parametro selektiboak dituzte. Nire gobernuak modu argi eta irmoan erantzun die herrialde horiei beharrezkoa izan den bakoitzean; eta hala egiten jarraituko dugu.
Venezuelako egoera ekonomikoa eskasa dela ere esan dute. Zuek, berriz, egoera hau nazioarteko blokeo ekonomiko baten ondorio dela argudiatzen duzue. Zer-nolako zigorrak ezarri dizkiote Venezuelari?
Chavez presidentearen gobernuaren lehen urteetan, Venezuelak emaitza ekonomiko eta sozial nabarmenak lortu zituen. Adibidez, Milurtekoko Garapen Helburuak 2005ean bete genituen, 2015erako ezarritako epemuga baino 10 urte lehenago. Hazkunde ekonomikoak eta petrolio-errentaren banaketa-politikak oparotasun eta ongizate ukaezina sortu zuten herrialde osoan.
Hori guztia aldatu egin zen Chavez hil eta Nicolas Maduro presidentea boterera iritsi zenean. Eraso-estrategia hasi zuten haren aurka. 2015ean, Barack Obamaren administrazioak “Estatu Batuetako segurtasun nazionalerako ezohiko mehatxutzat” jo gintuen.
Pentsa zer esan nahi duen horrek. AEBek aldebakarreko 931 neurri hertsitzaile agindu ditu Venezuelaren aurka. Nazio Batuek ez dute Venezuela zigortu. Nire herrialdea alde bakarrez zigortu dute AEBek eta Europako Batasunak. Are, zigorrak arautzen dituen nazioarteko araudia bera urratuz, Venezuelako gobernua aldatu eta ezegonkortasuna hedatu nahi izan dute.
Zer ondorio izan dute neurri horiek?
Venezuelako Banku Zentralaren datu ofizialen arabera, 2015. eta 2022. urteen artean Venezuelan BPGaren %70 inguru murriztu zen arrazoi exogenoengatik: ekonomiaren ¾ jaitsi zen. Nire herrialdea blokeo ekonomiko, finantzario eta komertzial baten menpe dago. Besteak beste, historikoki Venezuelako ekonomiaren bihotza izan den petrolio sektoreari egindako enbargoak areagotu dituztelako. Neurri horiek Venezuelaren aurkako krimen gisa baino ezin dira hartu, Venezuelako herriaren ongizateari eta oinarrizko eskubideei nabarmen eragin baitie. Bide batez, eskubide horien urraketaz gutxi arduratzen dira Europan.
Zigor gehiago ere izan dira?
Venezuelako Banku Zentralak eta enpresa nagusiek ere zigorrak dituzte. Venezuelako hegaldi konpainia ere zigortuta dago. Venezuela ezin da sartu, beste edozein herrialde bezala, nazioarteko finantza-merkatuan. Are esplizituagoa naiz: COVID 19aren pandemian zehar Venezuelak ezin izan zuen osasun sektoreko nazioarteko merkataritzara sartu. Munduko Osasun Erakundeak COVAX mekanismoaren bidez esleitu zizkigun txertoak ordaintzeko erabili genuen dirua ere Suitzako bankuetan blokeatu zuten. Ia 10 hilabez, NBEk Suitzako bankuan immunitate diplomatikoarekin duen kontu ofizial batean gordetako milioika dolar venezuelarrak blokeatu zituzten.
Nazio Batuen hainbat agentziak eta nazioarteko hainbat erakundek salatu dute hori guztia. Are, AEBetako Senatuak berak egindako txosten batean onartzen du Venezuelari ezarritako zigorrak ez direla arrakastatsuak izan Nicolas Maduro presidentea agintetik kentzeko, baina eragin oso negatiboa sortu du Venezuelako herrian, urte horietan bizi dugun migrazio fenomenoa bultzatuz.