Nomada festibalaren antolatzaileen hitzetan, pertsona guztiek dute "kultura sortzeko eta gozatzeko eskubidea eta gaitasuna, komunitate inklusibo eta eraldatzaileak eraikitzeko ondasun komun gisa", eta, gainera, uste dute "gizarte gero eta zatikatuagoetan, kultura komunitarioa funtsezkoa bihurtzen" dela gizartea "indartu eta sareak ehuntzeko". Hori dela eta, "arriskuan edo egoera zaurgarrian dauden pertsonen bizipenak, begiradak eta sentimenduak islatzen dituzten jarduera ibiltarien bidez, artea eta kultura elkarrekin sortzeko prozesu pluralak bultzatzea" du helburu festibalak, "doakoak eta publiko guztientzat irekiak" izango direnak.
Hilaren 14ra arte, bihar arte, izango dira, hain zuzen ere, ekintzak Arrasaten, gaurtik hasita. Muralismoa, gure loturako sendotzeko izenpean, Gipuzkoako Sos Arrazakeria taldeko kideek mentoretza sozialen programez eta boluntario lanaz jardungo dute Emausen dendan, 17:30etik 18:30era. "Errefuxiatuak eta lurraldean finkatuta dauden pertsonak konektatzen dituen programa bat da, biek ere beren sareak indartu ahal izan ditzaten", azaldu dute antolatzaileek, azpimarratuta azalpen horien ondoren Joana Mantzisidor artista arrasatearrak mural kolektibo bat egingo duela dendan, 18:30etik 19:30era. "Kultura-sorkuntza kolektiboa modu paregabea da bestela gertagaitzak liratekeen harremanak ehuntzeko".
Bihar, bi ekintza
Bihar bi jarduera izango dira Emausen dendan, aldi berean, 18:00etatik 19:30era. Alde batetik, Botikin nomada bat nire hirirako ekintza izango da: "Fundazioaren programa sozialei lotutako hainbat pertsonek arazo komunak identifikatu dituzte, eta gure bizitza komunitarioa hobetzeko erremedioak diseinatu dituzte modu kolektiboan. Botikin tradizional baten ordez, harrera eremu bat sortu da, loturak eta ongizate kolektiboa eraikitzeko funtsezkoak diren objektuekin". Zehazki, GriGri Projects kolektiboaren prozesu parte-hartzaile baten ondorioa da, eta festibal honetan "inplikatutako udalerrietan identifikatutako erremedioak modu grafikoan jasotzen dituen gailu artistiko bat" sortzea izan da asmoa. "Gailu hori ez dago osorik, herritarren laguntza behar du, komunitatea ehuntzeko modu bakarra, gure bizitzak hobetzen dituen guztia jaso eta guztion eskura jarri ahal izateko".
Bestetik, bitarte horretan, Dantzan, etxerako bidearen bila ekintzaz gozatzeko aukera ere izango da dendan. Jaiki Elkarteak dinamizatutako gorputz adierazpeneko tailer bat da, eta Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearrak dinamizatuko du.