Elkarrekin aske, bizirik eta beldurrik gabe lemapean, askotariko ekintzak prestatu ditu Arrasateko Emakume Txokoak azaro amaierarako.
Azaroaren 21ean hasiko dute egitaraua, Roten Zora: Frauen bildet banden dokumentalaren proiekzioarekin eta ondorengo solasaldiarekin. "Dokumental horretan, Rote Zora taldearen historia ezagutuko dugu. Mendebaldeko Alemaniako emakume militanteen talde bat izan zen eta 1970eko eta 1980ko hamarkadetan indarkeria matxistari aurre egiteko hainbat ekintza egin zituzten. Dokumentalean garbi ikusten da Rote Zoraren garaiko gai askok gaurkotasun handia dutela, eta material interesgarria eskaintzen du gaur egungo jendarte honek feminismoarekin dituen erronkez eztabaidatzeko", nabarmendu dute antolatzaileek.
Azaroaren 25ean, 12:00etan, Ikama eta Gazte Feministen eskutik, Herriko Plazan elkarretaratzea egingo dute. Halaber, 19:00etan, Arrasateko Mugimendu Feministak deituta, Seber Altube plazan ere egingo dute mobilizazioa. Antolatzaileek dei egin diete arrasatear guztiei parte har dezaten. "Indarkeria matxistaren aurrean, konpromiso kolektiboa eta indibiduala sustatu nahi ditugu".
Era berean, Casarse por papeles es verdadero amor antzerki kabareta ere izango da Juan Arzamendi Musika Etxean, azaroaren 28an; hilaren 30ean, berriz, tailer bat egingo dute, "indarkeria matxistaz gogoeta egiteko eta elkarrekin eztabaidatzeko aukera" emango duena. Indarkeria Matxista: defentsa eta salaketa aukerak izenburupean gauzatuko dute, Emakume Txokoan.
Azkenik, abenduaren 12an, Luces en sombra dokumentala proiektatuko dute Emakume Txokoan. "Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaileen errealitate gordinak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa da", nabarmendu dute antolatzaileek.