Hamaseigarren aldia du aurten First Lego League ekimenak, eta ozeanoak esploratzea izango dute parte-hartzaileek aurtengoan erronkatzat: "Ozeanoak ezkutatzen dituen sekretuak ezagutzea, alegia. Esaten da ozeanoen %80 esploratu gabe dagoela, eta, hain zuzen, erronka horri egin beharko diote aurre mundu osoko 650.000 ikaslek, tartean Euskadiko DBHko eta Batxilergoko 2.000 ikasle baino gehiagok".
Innobasque da, hain zuzen, edizio honen antolatzailea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearen aritzen da elkarlanean; horrez gainera, harremana dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailarekin; baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiekin ere. Hala, helburu dute 9 eta 16 urte arteko gazteen "bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea, era dibertigarri eta praktikoan".
Otsailean egingo da finala
Ikasleek abenduaren 17ra arte izango dute, besteak beste, "ozeanografian izan diren aurrerapenen berri jakiteko eta ozeanoaren eta espazioaren artean zer erlazio dagoen ikasteko", eta, horretarako, sei bisita zientifiko-teknologiko egingo dituzte datozen asteetan. Ondoren, berriz, eginiko lanen finalak izango dira: datorren urteko otsailaren 22an, hain zuzen ere. Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen izango dira, eta euren lanak erakusteko aukera izango dute ikasleek.