Ane Agirre Arrasateko Rugby Taldeko presidente izan zen 2016 eta 2020 urte artean. Lau urte horiek presidente moduan egin bazituen ere, lehenagotik ere zuzendaritza taldean egon zen, eta gaur egun Euskadiko Rugby federazioko idazkaria ere bazen. Klub zuri-morean atsekabe handiz hartu dute albistea. "Arrasate Errugbi Taldeak eskerrik beroenak eman nahi dizkio urteetan klubaren alde egindako lanagatik, eta besarkada handi bat helarazi haren familia eta lagunei. Goian bego", adierazi dute klubetik.
Eta, Euskadiko Rugby federaziotik ere mezua helarazi dute. "Euskadiko federaziotik doluminak eman nahi dizkiogu Arrasate Rugby Taldeko familia osoari, Ane Agirre, gure kirolaren aitzindaria joan zaigulako". Hala, federaziotik adierazi dute oraingo asteburuan Euskal Ligako partidu guztietan minutu bateko isilunea gordeko dutela. Lehen taldeko jokalari Iraitz Arriaranen ama ere bazen Agirre. Haren aldeko hileta elizkizuna zapatu honetan izango da, hilak 9, 18:00etan aurrera Arrasateko San Joan Bataiatzailearen parrokian.