Ane Agirrek ARTko presidente kargua utziko du

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 30a, 10:06

Atzo, astelehena, Ohiko Batzar Orokorra egin zuen Arrasate Rugby Taldeak, online, eta Agirrek jakinarazi zuen ez duela jarraituko presidente moduan. "10 urteko ibilbide luzearen ostean, uste dut jende berriari lekukoa emateko unea iritsi dela, gogotsu eta ideia berriekin datorrena".

Era berean, eskerrak eman dizkio "denbora honetan guztian modu batean edo bestean klubari lagundu dion jendeari" eta prestutasuna ere agertu du zuzendaritza berriari "babesa" emateko.

2010ean heldu zen ARTra eta, sei urtez zuzendaritzako batzarkide kargua bete ostean, 2016ko uztailean hartu zuen Ramon Barrutiaren lekukoa presidente karguan. Hamarkada oso bat karguan egin ostean, utzi egingo du. "Oso harro nago urte hauetan guztietan egindako lanaz; bizitzan bezala, une gozoak eta garratzak bizi izan ditugu baina, oro har, esperientziaren balorazioa ezin hobea izan da", adierazi du, eta zera gaineratu: "denboraren poderioz nekea ere agertzen hasia da, horregatik, uste dut unerik aproposena dela jende berriari lekukoa emateko, klubari aire freskoa emateko gai dena".

Agirrez gain, Jose Luis Salaberri eta Claudio Merchan Kako batzarkideek ere kargua utziko dute, eta hauteskunde prozesua garatzeko egutegiaren proposamena luzatu diete bazkideei –uztailaren 6ra arteko epea dago hautagaiak aurkezteko–. Klubak bere webgunean azaldu duenez, uztailaren 10erako hautagaitza guztiak aurkeztutzat emango lirateke eta, bakarra egonez gero, zuzenean kluba kudeatzen hasiko litzateke.

Hautagai bat baino gehiago egonez gero, ordea, beste astebeteko epea egongo litzateke bakoitzak bere programa eta asmoak jakinarazteko, uztailaren 11tik eta 17ra arte. Uztailaren 19an aukeratuko lukete bazkideek zuzendaritza batzorde berria.

Ramon Barrutia, hautagai

Oraingoz, Ramon Barrutia da Agirreren lekukoa hartzeko hautagai bakarra eta, gainera, epeak laburtzea proposatu du. Batzarkideek hori onartu ostean, hautagaitzen aurkezpenak gaurtik egubakoitzera bitartean egitea adostu dute eta izendapen ofizialak egubakoitzetik uztailaren 7ra bitartean.

Gastuak eta diru-sarrerak, pareko

Diru-sarrerak ia 45.000 eurokoak izan dira 2019-2020 ekitaldian, eta gastuak ere beste horrenbestekoak, klubak jakinarazi duenez. "Gasturik handienak lehiaketa ofizialetik eratorritakoak izan dira, 21.000 euro pasatxo, ia erdia –fitxak, epaileak, bidaiak...–.  Talde teknikoan 14.000 euro baino zertxobait gehiago gastatu du ARTk aurten eta, kirol ekipamenduan eta materialean, aldiz, ia 3.300 euro.

Diru-sarrerei dagokionez, bazkide, laguntzaile eta babesleen bitartez 24.000 euro jaso ditu klubak. Jokalarien kuotek ere pisu handia eduki dute, 13.100 euro pasatxo. Klubeko merchandisingarekin ia 1.800 euro jaso dira, eta bestelako salmentekin, 3.300 euro.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak