Ternua Group-ek Arrasaten dituen instalazioetan sinatu dute lankidetza-hitzarmena Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendozak eta Gipuzkoako Bazkundeko lehendakari Mauri Arreguik, "Gipuzkoako enpresen presentzia kanpoko merkatuetan sendotzeko eta zabaltzeko" helburuarekin. Adierazi dute, hitzarmenaren xede nagusia dela "Gipuzkoako ETEen merkatu berrietara irekitzeari eta nazioarteko dibertsifikazioari bultzada handi bat ematea".
Horretarako, aurten ere sinatu duten programaren berri eman dute Mendozak eta Arreguik. Programa horrek, "azken 3 urteetan, 395 enpresari lagundu die nazioarteko merkatuetara irekitzen", eta lan horretarako aurreikusitako ekintza-planak bost ekintza-ildo espezifiko biltzen ditu, zeintzuekin "hurrengo hilabeteetan 230 enpresa gehiago babestea aurreikusten da". Horren harira, Mendozak eta Arreguik konpromisoa erakutsi diote sare ekonomikoaren nazioartekotzea sendotzeko lanean jarraitzeari: "Gure lehiakortasunari eustea, ezinbestekoa da ziurgabetasun handiko testuinguru ekonomiko batean, zeinari Europako ekonomiaren geldialdia eta ezegonkortasun geopolitikoa gehitu behar zaizkion".
Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Bazkundeko ordezkariak, Ternuara egindako bisitan. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Jarraitu beharreko ekintza-ildoak
Aurreikusitako ekintza-ildoen artean aurrenekoa Market eSupport lan-ildoaren bidez garatuko da, nazioarteko merkatuetan industria-enpresa esportatzaileei langutzeko helburuarekin. Bigarrena, Merkatuak Zabaltzen ekimenari eustea izango da, ETEei laguntza espezifikoa emateko, egungo ziurgabetasun-testuinguruaren ondorioz, nazioarteko merkatuak konplexuak direnez, esportazioak dibertsifikatu eta beste merkatu batzuetara bultzatu ahal izan ditzaten, bereziki Europar Batasunetik kanpo. Aipatutako lan-ildoekin batera, Lagundex lan-ildoak ere martxan jarraituko dute, enpresa txiki eta ertainei aholkularitza emateko helburuarekin. Lan-ildo horri batuko zaio Lagundex Operacional, parte hartzen duten enpresen aduana-prozedurak eta nazioarteko dokumentazioa aztertzeko, nazioarteko operatiboa hobetzeko eta eguneratzeko gomendioak egiteko. Azkenik, BIC Gipuzkoarekin batera, enpresa sortu berrien eta oinarri teknologikoko enpresen nazioarteko merkataritza-garapena bultzatuko dute.