Londresko Timberlake Wertenbaker dramagileak egin zuen liburuaren egokitzapena –A little brother–, hango aretoetan erakusteko asmoarekin, eta Artedramako zuzendari artistiko eta aktore Ander Lipusek eus- karazko bertsioa egitea proposatu zion. "Haren erruz hasi nintzen hau guztia proiektatzen. Euskaraz sortutako kontakizuna izanik, ingelesez taularatu aurretik, euskaraz antzeztea proposatu nion, datorren maiatzera arte ez dutela eskainiko jakinda. Ametsen eta Ibrahimaren baietza jasota lantzen hasi ginen, orain dela bi urte", dio Lipusek.
Ander Lipus: "Sentsazio oso onak ditugu; espektatibak bete ditugu 'Miñan'-ekin"
Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten, urriaren 18an, eta harrezkero zortzi aretotan izan dira; ondo hartuak guztietan. "Sentsazio oso onak ditugu. Espektatibak bete egin ditugu. Amets oso hurbil izan dugu eta Ibrahimak lehenengo emanaldiko hamar bat minutu ikusi zituen. Zauri asko zabaldu zaizkio, baina oso eskertuta dago".
Lau aktore taularen gainean
Aktore gazteak eta ezezagunak ditu Lipusek taularen gainean lagun: Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye. "Sambou Ibrahima da; ez nuen ezagutzen, baina harekin elkartu nintzenean argi ikusi nuen hura zela protagonista papererako aproposena. Arabarra da Eihara, eta, aktore moduan lan gutxi egin duen arren, interesa zuen, eta hori zen niretako inportanteena. Mikel Kaye ermuarra Loraldia eta Dantzertitik ezagutzen nuen. Gustura ari gara".
Lau aktore diren arren, hamaika dira antzezten dituzten pertsonaiak. "Obra bi mailatan banatuta dago: alde batetik, Ibrahima dago publikoari narrazioa kontatzen; eta, bitartean, beste hirurok gogoratzen dituen pasarte edo istorioak eszenaratzen ditugu. Hogei bat pertsonaia egiten ditugu bakoitzak".
Lantalde handia atzean
Artedramaren marka da ekipo tekniko eta artistiko handia izatea, eta ikuskizun horretan 25 lagun ari dira. "Adibidez, Parisko koreografo Philip Ducau zuzendari laguntzailea da; ezinbesteko laguntza izan da niretzako kanpo begirada hori. Manex Fuchs alboan izan dugu, aktoreekin lanean; Ikerne Gimenez jantzien arduraduna, Aitor Agiriano Toro musikaria...".
Debagoienean gehiago
Arrasaten izango dira bihar; Antzuolan abenduaren 28an; eta urtarrilaren 26an Oñatin.