Hiru hamarkadatan aisialdi hezitzaile euskalduna sustatu du Txatxilipurdi elkarteak, "gozamena ardatz", eta ibilbide hori arrasatearrekin eta debagoiendarrekin ospatu gura du, kaleak hartuta: "Txatxilipurdi erraldoi bat egingo dugu, halaxe nahi dugulako gure ingurua eta gure mundua aldatu; askotan egin dugu igeri izokinen antzera, korrontearen aurka bidea irekiz, eta haur, nerabe zein familiekin batera, mundua ulertzeko moduak asmatuz eta gure buruak ere berrasmatuz", azaldu dute elkarteko ordezkariek.
Hori irudikatzeko, "kalejira koloretsu, alai eta bizia" eta "ekitaldi formalago bat" antolatu dute hilaren 14rako, osteguna. Kalejira 18.00etan hasiko da Seber Altube plazatik eta, ostean, ekitaldia egingo dute Kulturolako aterpean; bertan, 1994tik gaur egunenera arte "Txatxilitar" izandako hainbat pertsonen bizipenak jasotzen dituen dokumental labur bat eskainiko dute, eta baita Txatxilipurdiren marka berria aurkeztu ere.