Lelo berriarekin hasi gura du Ekin Emakumeak elkarteak urte berezia

Hasier Larrea 2024ko aza. 6a, 18:23

Ekin Emakumeak elkarteak 30 urte beteko ditu laster euskara, emakumea eta aniztasuna erdigunean jartzen. 25. urtemuga ospatu ezin izan zutenez, ilusio handiz dabiltza prestatzen hogeita hamargarrena. Deialdia egin dute, leloak proposatzeko.

AED elkartearen sorreretako eginkizunetako bat izan zen emakumeentzako aisialdi euskalduna sustatzea; horretaz arduratzen zen Ekin Emakumeak lantaldea. Helburu nagusi horri eraginkortasun handiagoz erantzun ahal izateko, 1995ean ibilbide propioa urratzeko pausoa eman zuen, elkarte gisa eratuta. "Izan ere, hasieratik kontziente izan ziren emakume eta, gainera, euskaldun izateak eskubideen urraketa bikoitza eragiten ziela. Hau gainditzeko grina horretatik abiatu zen arlo honetan esku-hartzeko beharra", egin dute atzera begiratua Laura Bueno Rodriguezek eta Oihane Pildain Etxanizek.

Bi horiek dira elkartearen egunerokotasuna gidatzen dutenak. Ardatza ez, baina jarduera-esparrua dezente aldatu dela nabarmendu dute: "Urteotan hainbat jatorritako emakumeen behar eta interesetara zabaldu da gure esku-hartze esparrua. Pertsona guztion arteko aukera berdintasuna eta kultur arteko elkarbizitza baitugu helburu, euskara izanik kohesiorako tresna".

Orain, urteurrenak ekarriko dituen kontu gehigarriak antolatzeko, Ainara Alkorta Abaurrea batu zaie. Horrez gain, elkarteko zuzendaritza batzordea eta urteurrenerako sortutako talde motorra izango dituzte aldamenean. Ilusioz eta gogotsu begiratzen diote datorrenari: "Erronka polita daukagu; 2020an ezin izan genuen 25. urtea ospatu, pandemiagatik ezinezkoa zelako ekonomikoki zein teknikoki ezer egitea. Hori dela eta, hurrengo urtean indar gehiagorekin egitea nahiko genuke".

Hazten jarraitzeko

Ospakizunak askotariko ekintzekin borobiltzea "oso garrantzitsua" izango da Ekinentzat, "elkarte txiki bat garen heinean". Aurreratu dute hiru lan ildoren gainean garatuko dituztela jarduerak: euskara eta aniztasuna; emakumea eta feminismoa; eta memoria historikoa. Helburuei dagokienez, hauexek aipatu dituzte: "Elkartera pertsona gehiago etortzea, ikusgarritasun gehiago lortzea, burutzen diren ekimenen bitartez gure lan ildoen inguruan hausnarketarako espazioa zabaltzea eta elkartearen parte izan diren pertsona guztiei aitortza bat egitea".

Lanketa horiek urte guztian zehar banatutako ekintzekin gauzatuko dituzte, eta, hasteko, lelo lehiaketa jarriko dute martxan ostiralean. "Parte hartzeko, bidali mezu bat, bi asteko epean, gure WhatsApp –651 70 79 36–, Instagram –@ekinemakumeak– edo emailera –ekinemakumeak@ gmail.com–. Animatu!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak