Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen artean "bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko" asmoz, zientziaren astearen harira, hainbat lantegi eta jarduera antolatu ditu Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak. Hain zuzen ere, azaroaren 11n ekingo diete ekintzei, eta ihes-gela bat prestatu dute Garaia parke teknologikoan 09:00etatik 11:00etara: "Ikasleek, emango zaizkien arrastoei jarraika, ZTIAM –Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika– bokazioen aurreiritzi negatiboak ezereztuko dituzte, eremu horretan erreferente diren emakumeak ezagutuko dituzte, eta esparruko lanbideen berri jasoko dute". Ondoren, 11:00etatik 11:30era, arlo horietan diharduten emakumezko erreferenteen inguruko erakusketa bat ikusteko aukera izango dute, eta 11:30etik 12:30era, azkenik, bisita gidatu bat Iturripeko campusean.
Eguaztenean, hilaren 13an, Danobat Group-eko ordezkariek hitzaldi bat egingo dute Garaia parke teknologikoan eta, amaitzean, 10:30etik 12:30era, Euskal Herriko parke naturalen app-a lantegia egingo dute, "ikasleek parke naturalen inguruko aplikazioa diseinatzen ikas dezaten". Hilaren 14an, berriz, 17:00etatik 18:30era, ikasleek, euren senideekin, "adimen artifizialaren eguneroko erronkak ulertuko dituzte, pentsamendu kritikoa garatuko dute eta arazoak konponduko dituzte".
Azkeneko egunean, ekintza gehien
Hilaren 15a izango da ekintzen azkeneko eguna, eta orduan egingo dira gehienak. Hain justu, 10:00etatik 10:45era, ZTIAM arloan erreferente diren zenbait kide batuko dira mahai inguru batean, eta gazteek "gai zientifiko-teknologikoen inguruan dituzten zalantzak argituko dituzte". 10:45etik 11:00etara, berriz, arrautza-jaurtiketako txapelketako irabazlearen bideoa –gehienez ere 60 segundoko bideoa izan behar da, eta ptgaraia@ptgaraia.eus helbidera bidali behar da urriaren 8tik azaroaren 8ra– ezagutaraziko da, eta 11:00etatik 13:00etara bisita gidatua egingo da Garaia parke teknologikoan dauden enpresak ezagutzeko.
Hemen xehetasun gehiago.