La Caixak "alokairu eskuragarriekin" espekulatzen duela salatu du Etxebizitza Sindikatuak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 31a, 09:56

InmoCaixak Arrasaten dituen etxebizitzetako batzuk. Irudia: Google Maps.

Haren arabera, arazoari aurre egiteko asmoz, kaltetutako zortzi bloketako bizilagunekin dabiltza lanean, tartean arrasatear batzuekin, baina ohartarazi dute gehiago izan daitezkeela kaltetutakoak: gutxienez, 320 familia. Hala, harremanetan jartzeko dei egin diete herritar horiei.

La Caixak "alokairu eskuragarriekin" espekulatzen duela salatu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, ohar batean azaldu duenez: "2008ko krisia aprobetxatuz, banku honek eta bere inbertsio-sozietateek ondasun higiezinen pakete handiak erosi zituzten prezio oso baxuetan. Finantza eta higiezinen krisirik larrienean aurpegia garbitzeko asmoz, higiezin horiek alokairu eskuragarrietan jarri zituzten, eta InmoCaixa-ri utzi zioten kudeaketa". Nabarmendu dutenez, eraikin horiek "alokairu eskuragarrietan" jartzen zituzten, "epe ertainean, dirurik galtzen ez zuten bitartean, eta finantza-merkatuko ohiko kotizazioei errentagarritasuna ateratzeko".

Hain zuzen ere, La Caixa Fundazioaren CriteriaCaixa finantza-sozietatearen filiala da InmoCaixa, eta sindikatuko partaideek adierazi dute "hainbat estrategia aplikatzen ari dela outlet prezioan erositako ondasun higiezinetatik errentagarritasuna atera ahal izateko", horretarako, besteak beste, "salmentako etxebizitzaren prezioaren igoera bizkorraz eta gelen alokairuen prezioaren igoera geldiezinaz" baliatuta.

Nabarmendutako estrategiak

Sindikatua, ordea, ez dabil bakarrik jardunean, "alokairu eskuragarrien" kalteak bizi dituzten ehun bizilagun baitituzte alboan: arrasatearrak ez ezik, gasteiztarrak eta bilbotarrak, esate baterako. Bada, La Caixak errentagarritasuna ateratzeko darabiltzan estrategien berri eman dute: "Gasteizen, adibidez, alokairu eskuragarrien aurpegi garbiketaz garbituta, etxebizitza horiek merkatu libreko prezioetan edo garestiago saldu nahi dituzte". Emandako datuen arabera, 270.000 euro eskatzen dituzte etxebizitza bakoitzeko, auzo berean ezaugarri bereko etxebizitzak 230.000 euroko prezioa dutenean eta urteko bataz besteko errenta 16.392 eurokoa denean: "Argi dago hori ezin dugula eskuragarritzat jo. La Caixak merke erosi eta garesti saltzeko estrategia du, hau da, funts putreen espekulatzeko modu bat". Are gehiago, "garesti saldu ahal izateko, puztutako prezioetan bakarrik erosteko aukera uzten diete", eta erantsi dute maizterrei "azken urteetan bizi izan diren etxeen alokairu kontratua ez berritzen tematzen" direla.

Horrez gain, Bilboko Bolueta auzoa adibidetzat hartuta, salatu dute "etxebizitzak hutsik mantendu" ondoren, gela bakoitzeko 650 euro eskatzen dihardutela, edo, beste kasu batzuetan, "alokairu sozialak zirenak pisu turistiko edo logelako alokairu bihurtu" dituztela.

Abusuzko klausulak

Ehun bizilagun daude, horrenbestez, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera La Caixak eragindako arazoari aurre egin nahian, eta azaldu dute abusuzko klausulak aplikatu dizkietela: "Kontratutako gehiegizko klausula horiek ohiko praktika dira: bankuaren irabaziak handitzen dituzte eta maizterren maniobragarritasun marjina murrizten dute".

Gehiegizko klausulen adibidetzat aipatu dituzte, besteak beste, biztanleak "behartuta" daudela nominak CaixaBank-en helbideratzera, alokairua "arrazoirik gabe igotzea" eskatu dietela, komunitatearen kuotak igo dizkietela, "etxebizitzaren bizigarritasunerako ezinbestekoak" diren elementu askoren kontserbazioaren gastuak ordainarazten dizkietela maizterrei, eta La Caixak etxebizitza "nahieran ikuskatzeko eskubidea" hartzen duela, intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubide konstituzionala urratuz.

Lankidetza publiko-pribatua

Erakunde publikoen "konplizitatea" nabarmendu dute salatzaileek, izan dezaketen parte-hartzea aipatuz: "Lehenik eta behin, kasu askotan, erakunde publikoek eskaini zizkien higiezin aktiboak oso prezio baxuetan La Caixari", eta, horrez gainera, erantsi dute administrazioek "etxebizitzaren arazoa etxebizitzarekin espekulatu eta bertatik etekina ateratzen duten eragile pribatuei parte-hartze handiagoa emanez konpondu nahi dutela". Hala, bankuen "izaera hipokrita" ez ezik, erakunde publikoek "arazoa elikatzen dutenei bidea erraz" utzi izana salatu dute.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta auzi honetan harekin jardunean dabiltzan bizilagunek, horrenbestez, antolakuntza "beharrezkoa" dela azpimarratu dute, eta La Caixaren alokairua duten herritarrak eurekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte, bankuari hiru eskaera egitearekin batera: "Lehendabizi, amaitzear dauden kontratuak dituzten familien kontrako etxegabetze ahalegin oro eten dezala; bestetik, berehala ken ditzala abusuzko klausulak kontratu guztietatik; eta azkenik, bildu dadila bizilagunen ordezkaritzarekin gainerako auziak negoziatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak