15 urte ditu Gorka Merino trialsineko pilotuak (Arrasate, 2009). 2017an hasi zen trialsina praktikatzen, Oztopo taldean. "Bizikletekin saltoak egitea gustatu izan zait betidanik. Lagun baten bidez jakin nuen kirol honi buruz, eta Oztopo taldean hasi nintzen", azaldu du.
2020an Espainiako txapelketak lehiatzen hasi zen, euskal selekzioarekin, eta azken hiru urteetan munduko txapelketan lehiatu da, Espainiako selekzioarekin.
Kadete mailako lehen urtean aritu da aurten eta denboraldia "nahiko ondo" joan dela dio. "Hala ere, Alemanian jokatutako munduko txapelketan ez nuen egun ona eduki", azaldu du –denboraldia irailean amaitu zen–. Datorren urtera begira, elite mailako Munduko Kopako hainbat txapelketatan parte hartzea da arrasatearraren helburua. "Hemendik gertuen dauden pare bat txapelketatara joango naiz. Egia da ni baino pilotu nagusiagoekin lehiatuko naizela, eta horrek errespetu apur bat ematen dit, baina dudan onena ematen saiatuko naiz eta hazten jarraitzeko aukera emango dit".
Jose Merinok, Gorkaren aitak, gaineratu du Munduko Kopako txapelketetan UCI puntuak eskuratzen dituztela pilotuek. "Zenbat eta puntu gehiago eduki, orduan eta sailkapen fase gutxiago jokatzen dituzte; hau da, zuzenean finalaurrekoetan hasten dira, adibidez".
Horrekin batera, Vicen (Katalunia) jokatuko duten Munduko Txapelketarako sailkatzea ere bada Merinoren helburua.
Bidaia luzeak eta garestiak
Pilotu gazteak azaldu du munduan zehar lehiatuta bidaia "nekagarriak" izaten direla, batzuetan "oso luzeak", baina esperientzia aberasgarria dela dio. "Oraindik gaztea naiz, baina kirol honetan hobetzen jarraitu gura dut, esperientzia irabazten, eta txapelketa horiek ematen didate horretarako aukera", nabarmendu du.
Jose Merino (aita): "Mundu mailan lehiatzea garestia da; babesleak behar ditugu"
Aita semearekin aritzen da batetik bestera, txapelketaz txapelketa, eta bidaia horien kostua handia dela dio, bai denboran eta baita dirutan ere: "Txapelketa asko eguaztenetik domekara artekoak izaten dira eta, bidaiaz gain, hango hotela ere ordaindu behar izaten dugu. Izan ere, selekzioak ez du ezer ordaintzen; kamiseta soil bat baino ez diete ematen".
2025eko aurrekontua: 9.000 euro
Hori dela eta, babesle bila dihardute, "Gorkak trialsinean hazten jarraitu dezan", aitak azaldu duenez. "Oso maila onean ari da, baina diru asko gastatzen dugu bidaietan, eta horri lizentziak, aseguruak eta bizikletaren mantentzea gehitu behar zaizkio. 2025erako egindako aurrekontua, adibidez, 9.000 eurokoa da. Beraz, bailarako enpresetako ateak joko ditugu, ea babesten gaituzten", adierazi du. "Modu horretan, enpresek ikusgarritasuna eta abantaila fiskalak eskuratu ditzakete, eta guk asko eskertuko genuke", gaineratu du. "Horrez gain, Arrasateko Udalean ere galdetuko dugu, ea Kirol Sailetik partida bat bideratu dezaketen gu laguntzeko".