Leintz bailarako Txistulari Eguna ospatuko dute, hamabosgarren aldiz, zapatuan. Aurten Arrasate izango da inguruko txistulariak eta txistu-zaleak jasoko dituen herria, eta antolatzaileek haur, gazte, zein heldu gonbidatu gura izan dituzte egunean parte hartzera. Aurreko urteetan bezala "adin askotariko 40 bat txistulari elkartzea" aurreikusten dutela dio Iñaki Barrenak, Txistulari Eguneko antolatzaileetako batek, eta eurekin guztiekin batera egingo dituzte ospakizun eguneko bi ekintza nagusiak. 11:00etan hasita, kalejira egingo dute Arrasateko alde zaharrean zehar; hala ere, ez da ohiko kalejira soilik egongo, herriko toki batzuetan geldialdia egingo baitute pieza batzuk jotzeko. Kalejiraren ostean mokadutxoa egiteko aukera ere izango dute, eta amaitzeko, 13:00etan kontzertua egingo dute Herriko Plazan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, kontzerturako "txistuko pieza ohikoekin, dantzarako eta erromerietarako" abestiekin osatuta dagoen errepertorioa joko dute. Hamahiru abesti izango dira, eta, besteak beste, pasodobleak, arin-arinak eta fandangoak interpretatuko dituzte. Kontzertua amaitutakoan denak bazkaltzera joango dira. "SUDC elkartekoek prestatu digute bazkaria, eta eskerrak eman nahi dizkiegu hartu duten lan guztiagatik", dio Barrenak.
Behar batetik hasita
Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko txistulariak elkartu eta guztiek zuten "behar batetik abiatuta" sortu zen Leintz bailarako Txistulari Eguna. "Elkar ezagutzeko, errepertorio komun bat sortzeko eta betikotasunetik irteteko urrats bat bezala izan zen", Barrenak adierazi duenez. Leintz bailarako herrietako kideez gain, "Oñatiko, Soraluzeko eta Altsasuko txistulariak ere gonbidatu ditugu Txistulari Egunera".
Egoera kezkagarria
Txistulari Eguna egiten den hamabosgarren aldia bada ere, Barrenak aitortu du "txistularitzaren egoera nahiko kezkagarria" dela: "Gure belaunaldien atzetik ez dator errelebo sendorik; ez da ikusten, behintzat. Alde horretatik, kezkatuta gaude. Zaletasuna badago, bereziki nagusienen artean, baina gaur egungo gazteak ez dira horrenbeste hurbiltzen". Bere garaian txistulariek zuten beharretatik sortutako egun bat izan bazen ere, Barrenak adierazi du "herrira begirako ekintza bat" ere badela gaur egun, eta aprobetxatu gura izan du "herritarrak egunaz gozatzera" gonbidatzeko.