Mugikortasun Plana aurkezteko saioek "parte-hartze eta interes handia" izan dute

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 23a, 19:06

Garazi Etxeberria zinegotzia, azalpenak ematen, Kulturateko aurkezpenean.

Astelehenean Musakolan egindako aurkezpenarekin amaitu ditu Udal Gobernuak Mugikortasun Jasangarrirako Plana auzoz auzo aurkezteko saioak eta balorazio ona egin du. "Herritarrek jasangarritasunaren aldeko jarrera eta interesa agertu dute, oro har".

Mugikortasun Jasangarrirako Plana aurkeztu du auzoz auzo Udal Gobernuak, eta gaiak herritarrengan interesa piztu duela azpimarratu du. "Parte-hartze eta interes handia nabaritu dugu, eta herritarrek haien zalantzak, kezkak eta ekarpenak partekatzeko aukera izan dute. Batzuetan gai ezberdinei lotutako debatea sortu da, guztiak egindako ekarpenei lotuak".

Autobus geltokiaren kokapenak ere "jakin-min handia" piztu duela azaldu du Gobernuak. "Interes eta galdera gehien sortu dituen gaia izan da. Bi kokapenen inguruko informazioa ezagutu, eta bakoitzaren alde positibo zein negatiboak ezagutzeko interesa agertu dute herritarrek. Iritziak ere denetarikoak izan dira; beraz, uste dugu, galdeketa egitea egokia dela arrasatearron borondatea ezagutzeko". Galdeketaren inguruko xehetasun guztiak datozen asteetan iragarriko dituzte, eta galdeketa azaro erdialdean egitea aurreikusten dute.

Behin aurkezpen saioak bukatuta, ekarpen eta iradokizunak egiteko aukera izango dute herritarrek abenduaren 19ra arte. "Auzoetako bileretan ekarpen batzuk jaso baditugu ere, herritar orok egin dezake bere ekarpena orain, BAZen edo webguneko erregistro telematikoan". Horretarako, eskabide orokorra bete beharko dute, 'Mugikortasun Jasangarrirako Planerako ekarpena' dela adieraziz. Proposamen guztiak aztertuta, behin betiko plana 2025 hasieran onartzea aurreikusten du Gobernuak.

EAJk Mugikortasun Planari buruzko galdeketa osatuago bat eskatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak