Mugikortasun Planari buruzko galdeketa osatuago bat eskatu du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 24a, 13:27

EAJko ordezkarietako batzuk, Zalduspe geltokian. Irudia: Goiena.

Autobus geltokiaren kokalekuari buruzko galdeketara mugatu beharrean, "garrantzitsuak diren beste alderdi batzuetan herritarrei hitza ematea" eskatu dute jeltzaleek. "Aparkalekuen galerari aurre egiteko", bestalde, Monterronen lurpeko parking bat egitea proposatu dute.

Arrasateko EAJk eskatu du Mugikortasun Plan berriari buruzko herri kontsulta autobus geltokiaren kokagunera soilik ez mugatzea eta "garrantzitsuak diren beste gai batzuetan herritarrei hitza ematea". Gai horietako batzuk, haien esanetan, hainbat kale noranzko bakarreko bide bilakatzea edota oinezkoen segurtasunean eta aparkalekuen erabilgarritasunean eragina izango duten neurriak hartzea dira. "Ulergaitza iruditzen zaigu herri kontsulta bat autobus geltokiaren kokalekuan bakarrik zentratzea. Prozesu gardenagoa eta demokratikoagoa beharrezkoa da", dio Ander Garayk, EAJko bozeramaileak. 

Autobus geltokiari dagokionez, Zalduspen mantentzearen aldeko apustua egin dute. "Gaur egun, egunean 500 autobus baino gehiago iristen dira bertara, eta horietatik erdiak ez du udalerriko erdigunea zeharkatzen. Geltokia Garibaira eramanez gero, egunean 500 autobus baino gehiagok Arrasateko erdigunea zeharkatuko lukete". Horrekin batera, hiri-autobusen zerbitzua hobetzea proposatu dute, "azkarragoa eta zuzenagoa" izateko, baita udalerriko eremu guztietan bizikleta eta patineteentzako bidegorri seguruak sortzea ere.

Planak, jeltzaleen esanetan, 276 aparkaleku baino gehiago galtzea ekarriko luke, eta horri "irtenbide zehatzak" ematea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute. "Aparkaleku guneen murrizketa ezin da inposatu alternatiba argiak eskaini gabe. Guk Monterronen lurpeko aparkalekua egitea proposatzen dugu, galera konpentsatu eta udalerriko irisgarritasuna hobetuko lukeen irtenbidea, eta hori herri kontsultan sartzea eskatu diogu Gobernu Taldeari", adierazi du.

Udal Gobernuak dio auzoz auzoko aurkezpenek interes handia piztu dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak