Goiena telebistak Muru mendian duen antenan kalteak eragin dituzte azken egunetako haize bolada bortitzek. Hain zuzen, haizeak antena okertu du eta ondorioz, handik banatzen den seinalea ez da ondo heltzen Lurreko Telebista Digitalaren bidez, antena bidez, jasotzen duten etxeetara. Hondatu eta okertu den dorrea ez dago egoerarik onenean eta osorik erortzeko arriskua ere badago.
Konponbidea
Seinalearen kalitatea bermatzeko konpontze-lanetan jarraitzen dute teknikariek eta arazoari lehenbailehen irtenbidea ematea da asmoa. Goienako teknikari, Ander Monederok, lehenbailehen zerbitzua ondo eskaintzeko Gasteizko ingeniaritza enpresa batekin hainbat bide aztertzen ari direla azaldu du eta bi aukera plazaratu ditu: “Lehena Itelazpiren dorrera joan eta antena bat jartzea. Bigarrenari dagokionez, hondatutako antena bota eta transmisore berri bat jartzea”. Erantzun bat eta azkarrena lortu bitartean emisioak ez duela kalitate ona izango azaldu du.
Goienak okertutako antena beste irrati eta telekomunikazio zerbitzu batzuekin partekatzen du. Konponbidea topatzeko bidean, seinalearen jasoketa eta banaketa egiteko beste antena-dorre bat erabili nahi da. Izorratuta dagoen antenaren ondoan, Murun bertan, telebista kate handiek erabiltzen duten dorre nagusia aurkitzen da. Goienak antena hori erabiltzen badu, eguraldiarekiko mendekotasuna arintzea ahalbidetuko dio. Edozein haizete, elurte edo zaparrada bezalako muturreko faktoreen aurrean azkarrago erantzun ahal izango du. Horrenbestez, Goiena telebistako erabiltzaileek zerbitzu hobea jasotzea lortuko da.
Behin arazoa konponduta Goiena telebista ohiko moduan ikusi ahal izango da, Monederok garbi utzi nahi izan du konponbideak ez diola ikus-entzuleari eragingo.
Beste bide batzuk
Aldaketa ez da egun batetik bestera izango, bi aste pasa daitezke Goiena telebista LTD bidez ohiko moduan ikusi ahal izan arte. Bien bitartean, kable bidez eta streaming bidez Goiena telebista ikusteko ez dago inolako arazorik. Horretaz gain, Goiena.eus-en ere ikusgai daude Goiena telebistako edukiak.
Esker onak
Azken egunetan, hainbat izan dira Goienara euren kezka helaraztera gerturatu diren ikus-entzuleak, beren etxean seinalea pixelatuta jasotzen zutela jakinaraztera zehazki. Goienak sentitzen du, sortzen jarraitzen duen ikus-entzunezkoen ekoizpena behar den moduan ezin banatu ahal izatea Debagoieneko etxetara eta asko eskertzen du komunitatearen interesa . Hori dela eta, Goienak lanean jarraitzen du ahalik eta azkarren arazoa konpontzeko.