Urtero bezala, urriaren 24a egun berezia izaten da bibliotekako erabiltzaileentzat eta bertako zerbitzua ezagutzen dutenentzat; izan ere, Bibliotekaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta, ohiturari eutsiz, Arrasateko Bibliotekak egunaren bueltako hainbat ekintza antolatu ditu. Urrian bibliotekarekin lotutako beste hainbat jarduera egoten direla kontuan hartuta, hiru ekintza antolatu dituzte Bibliotekaren Egunerako eta bezpera egunerako. Asun Agiriano Arrasateko Udal Bibliotekako arduradunaren hitzetan, helburua da "herritarren aisialdi kulturala aberastea".
Adin guztietakoei zuzenduta
"Herritar guztiei" zuzendutako egitaraua antolatzea izan da hasieratik Udal Bibliotekako lantaldearen nahia, eta horregatik antolatu dituzte hiru ekintza hauek: Biblioteka Egunaren bezperan, urriaren 23an , 18:00etan, Iñaki eta Alba Carreterok Atximurka saioa egingo dute, non hainbat ipuin kontatzeaz gain, kantuan ere ibiliko diren 2 urtetik gorako haurrekin batera. Saio horretara joateko aurrez izena eman beharko da Bibliotekan edo arrasate.eus webgunean. Hilaren 24an, arratsaldeko seietan, haurrentzako eta nagusientzako saioak egongo dira. Alde batetik, Santa Marinako bibliotekan Amonaren belarriak entzundako kontu txiki eta haundiak ipuin ilustratu saioa egingo du Kontukantoi taldeak. 4 urtetik gorako neska-mutikoei zuzendutako saioa da, "umoretsua eta dibertigarria", Agirianoren hitzetan, eta bertaratzeko aurrez eman beharko da izena Bibliotekan, Santa Marinan edo arrasate.eus webgunean. Bestetik, Bertso-saio espekulatiboa egingo dute Miren Amurizak, Nerea Ibarzabalek eta Sustrai Colinak Kulturateko areto nagusian –Maite Berriozabal izango da gai-jartzailea–. "Bertso-saio berritzaile baten aldeko apustua egin dugu aurten. Literaturak eta bertsolaritzak harreman estua dute, eta, kasu honetan, Zirriborroak eta gero liburuko fabuletatik abiatuko dira betsolariak bi lengoaia kultural elkarrizketan jartzeko: bertsolaritza eta literatura espekulatiboa", adierazi du Agirianok.
Harrera ona
Urteroko hitzordua izan arren "harrera ona" izaten jarraitzea nahi dutela dio Agirianok: "Hitzorduak herritarren gustukoak izatea espero dugu, eta, hortaz, guztiak gonbidatu nahi ditugu egun berezi hau gurekin batera ospatzera".