Arrasate Zientzia Elkarteak ohar bidez azaldu duenez, ez dator bat Udalatxeko gurutzea kendu izanarekin: "Desadostasuna adierazi nahi dugu egin den moduarekin, arrasatear askok bere egin zuten ondare-elementu bat behin betiko desagerrarazi dutelako". Haien hitzetan, elkartearen helburua, besteak beste, "Arrasateko ondarea kontserbatzea eta babestea" da, eta uste dute gurutze hori "herriko kultura-ondarearen parte" zela.
Horrez gain, elkartekideek Unescoren hitz batzuk ekarri dituzte gogora: "Kultur ondarea ez da mugatzen monumentuetara eta objektu-bildumetara; aitzitik, gure arbasoengatik jasotako eta gure ondorengoei transmititutako tradizio edo adierazpen biziak ere biltzen ditu". Are gehiago, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea ere aipatu dute: "Kultura-balioak aldakorrak direla dio, etengabe eraikitzen ari dela ondarearen kontzeptua bera, eta ondarea osatzen duten elementuek alda daitekeen multzo bat osatzen dutela, sarrera berrietara irekita".