Iñigo Alzola: "Hego-haizeak eragina izan du; hobetu egin daiteke erronka"

Xabier Urtzelai 2024ko urr. 18a, 19:00

Erronkako zenbait une, iruditan jasota. Irudiak: Julen Elorza.

Domekan Arrasateko mendi lasterkariak Zumaiako hondartzatik Aketegira, EAEko gailur garaienera, joan-etorria egin zuen bizikletan eta korrikan. Bost ordutik jaistea zen arrasatearraren helburua, eta hamar minutuko tartearekin lortu zuen helburua.

Lasterketetan baino txalo eta animo oihu gutxiago izan ditu Iñigo Alzolak (Arrasate, 1990) egin duen azken kirol erronkan, baina pozik geratu da egindakoaz. Oraingoan ez du dortsalik jantzi, erlojua izan du kontrario bakarra. 2024an Txindokiko eta Anbotoko kilometro bertikalak irabazi dituen lasterkariak erronka diferentea izan zuen domekan. Zumaiako hondartzatik Zegamaraino joan zen bizikletan (1.43.50), han Zegama-Aizkorriko kilometro bertikaleko igoera erreferentzia moduan hartuta Aketegira (1.551 metro) igo zen (1.29.26), eta menditik jaitsita ostera ere bizikleta hartu eta kontrako bidea egin zuen (1.34.03); Zumaian erlojuak 4.50.43 erakusten zuen. "Helburua bost ordutik jaistea zen, baina datuen bueltan ibiltzen direnek esan didate lau ordu eta erdian ere egin nezakeela. Domekan, baina, hego-haize zakarra zebilen. Tira, hor geratu da erronkatxoa, animatzen denarendako".

Alzola Zumaiako hondartzatik abiatzen, goizeko lehenengo orduan. Irudiak: Julen Elorza.

Lehenengo galdera derrigorra da: zerk eraman zaitu erronka hori egitera?

Esfortzu-proba batean izandako bihotz arazo bat tarteko –takikardia-gertaera bat–, Erronka Kirol Medikuntza Zentroko Aritz Esnal medikuaren eta haren taldekideen eskuetan jarri nintzen, eta haiek baloratu zuten ez zela ezer larria, eta kirola egiten jarrai nezakeela esan zidaten. Handik gutxira, gainera, Txindokiko kilometro bertikala irabazi ahal izan nuen. Bada, Aritzekin harremana egin dut, eta hark komentatu zidan aspalditik bazuela erronka moduko bat buruan: Oria ibaiaren jaiotza eta itsasoratzen den tokia elkartu kirol proba baten bidez. Eta ideia hari hasi nintzaion bueltaka, Kantauri itsasotik irten, Gipuzkoako puntu garaienera igo, eta ostera ere bueltan etorri. Ibilbidea, baina, egokitu egin nuen apur bat, eta erabaki nuen Zumaiatik irtetea.

Zeintzuk izan dira zailtasunak?

Batetik, prestakuntzarekin zerikusia izan duten zailtasunak egon dira. Udan Jaca aldean asko ibili naiz bizikletan, baina gero buru-belarri egon naiz kilometro bertikalak prestatzen [Uharte Arakil-Beriain lasterketan bigarren izan da eta Anbotoko kilometro bertikala irabazi du]. Azken asteotan bizikleta ukitu ere ez dut egin, arrabola gainean ibili naiz apur bat. Eta gero, traba handiena hego-haizearena izan da. Berez, asmoa zen erronka zapatuan egitea, baina, ze eguraldi egin behar zuen ikusita, proba domekara atzeratu genuen. Domekan ere hego-haize zakarra izan nuen kostaldetik Zegamaraino. Aurreikusitako denboretan ibili nintzen, baina nahi baino indar gehiago xahutu nituen han.

Alzola Mandubiako gainean, komeni zena baino azkarrago igo zuen mendatea.

Ia bost ordu dira; indarrak neurtzea ezinbestekoa izango zen...

Hori izan da klabeetako bat, ez itsutzea. Mandubia inoiz baino azkarrago igo nuen, pasa egin nintzen han, eta gero, mendian gora tarte batean bidean nahastu egin nintzen. Zorionez, ez nuen denbora askorik galdu. Kirol batetik besterako aldaketak oso ondo egin nituen, pare bat minutuan bakoitza, eta oso garrantzitsua izan zen Aketegin beherako bidea ere lasai egitea. Hala ere, Zumaiara bueltan larri ibili nintzen, nekea sumatzen nuen, eta Mandubian erabaki nuen erritmoa lasaitzea. Erronkan hainbat akats egin ditugu, eta haizeak ere eragina izan du. Berez, benetako asmoa lau ordu eta erdian egitea zen, baina bostetik jaitsi dugu. Amaitzeko, denbora guztian jan-edanak zaintzea ezinbestekoa izan zen: orduko 90 gramo karbohidrato sartu nituen; asko da niretako.

Erronka honetan nork du abantaila handiagoa, mendi lasterkari batek ala ziklista batek?

Nire ustez, mendi lasterkari batek abantaila handiagoak ditu, baina bizikletan ondo moldatu behar da. Korrikalariek proba honetan sortzen den laktatoa garbitzeko gaitasun handiagoa dugula esango nuke. Txirrindulari bat azkarragoa izango da bizikletako tartean, baina gero mendian gora azkar igo behar da, eta azkar jaitsi, eta hor espezialista ez denak denbora asko gal dezake. Aseta erronka horrekin? Bai; pozik geratu naiz egindakoarekin eta erronkaren bueltan sortu dugun taldearekin eta giroarekin. Lagunak izan ditut egindakoa grabatzen, anoa-postuak antolatzen, ibilbidea zehazten, Aketegi tontorrean zain... Eta etxekoen babesa izan dut; hori ere ezinbestekoa da.

Aketegiko gainean (1.551 metro) lagunak zituen zain.

Denboraldia amaituta?

Bai; etxekoekin lasai egoteko gogoa dut, kilometro bertikalak eta erronka hau prestatzeak denbora luzea kendu dit eta. Donostiako maratoi erdia dut buruan, baina lasaiago ibiliko naiz; horretarako ez da horrenbeste denbora behar.

Alzola Zumaiara iritsi berritan, erlojuak erakusten zuen denbora.

Erronka datutan:

Totalak:

  • Denbora: 4:50:43
  • Distantzia: 117,7 km
  • Desnibela: +2.856 metro

Segmentuka:

Zumaia-Zegama (bizikletan):

  • Denbora: 1:43:50
  • Distantzia: 55.47 km
  • Desnibela: +1.125 metro
  • Batazbesteko abiadura: 32.05 km/ordu.
  • Trantsizioa 1:41 min.

Zegama-Aketegi-Zegama (korrika):

  • Denbora: 1:29:26
  • Distantzia: 6.96 km
  • Desnibela: +1.089 metro
  • Trantsizioa: 1:42 min.

Zegama-Zumaia (bizikletan):

  • Denbora: 1:34:03
  • Distantzia: 55.29 km
  • Batazbesteko abiadura: 37.09km/ordu.
  • Desnibela: + 642 m

Oharra: Astelehenean, Harmailatik saioan, Julen Elorzak eta haren taldeak grabatutako ikus-entzunezkoa eskainiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak