Urriaren 15ean ospatzen da Heriotza Perinatalaren Nazioarteko Eguna haurdunaldian, erditzean edo bizitzako lehen urtean haurtxoa galtzeak emakumeentzat, haien bikotekideentzat, familientzat eta ingurukoentzat esan nahi duenaz kontzientziatzeko helburuarekin. Egun horren harira, hainbat ekintza antolatu ditu Esku Hutsik elkarteak eta horietako bat izan da gaurko elkarretaratzea. Ekimenarekin dolu perinatalaren gaia gizarteratu nahi izan dute eta familiei elkartasuna erakutsi.
Elkarretaratzearen amaieran hitza hartu du Eider Otxoak, doluan espezializatutako terapeutak: "Eskerrik asko denoi etortzeagatik. Hemen gaude ume biziak, baina badaude ume asko ez daudenak gaur hemen; bere garaian joan zirenak. Haien omenez gaude hemen, haiek bizitza motza, baina bizitza eduki zutelako eta garrantzitsua delako haien bizitza leku batean jartzea. Eta horretan ari gara. Ume bakoitza hemen dago gaur, nahiz eta ez egon. Garrantzitsua da elkargune hau eta gure ume guztiak sentitzea. Oso momentu gogorrak bizitzen ditugu gure familietan; hutsune eta bakardade handia bizitzen dugu eta ederra da talde batean gaudela jakitea. Eskerrik asko Rebekari. Bera delako hemen dagoen osasun-langilea. Berak egin duen lanagatik ni hemen nago, baita beste guztiak ere".
Urriaren 17an, Dolu perinatala ikusgai
Hala, ez da aste honetarako antolatu duten ekintza bakarra. Eguenean, Arrasateko Emakumeen Txokoak eta Esku Hutsik elkarteak antolatutako Dolu perinatala ikusgai ekimena egingo da JAME Auditorioan, 19:00etan. Eider Otxoak doluan espezializatutako terapeutak gidatuko du ekimena eta artista ezberdinek hartuko dut parte: Kat Lumen abeslaria, Diana Wondy dantzaria, Miren Amuriza bertsolaria izango dira bertan, Alaine Agirreren hitzekin lagunduta.
Ekitaldiari buruzko hitzak ere izan ditu Otxoak: "Eguenean ikusiko gara musika eskolan Nerea eta Uxuek antolatu duten ekitaldi oso-oso indartsu batean, bizi batean. Heriotzari buruz hitz egiten ari gara, baina hemen bi emakume amazurtzek daukaten indarra plazaratu gura dute eta ikusiko duzue zer-nolako amazurtz indarra daukaten. Hori da egin dutena. Egin dute dagoeneko. Ez dute sinesten, baina egin dute. Eskerrak bioi".