Espainiako Senatuan izan da Katearen Loturak elkartea, Osasun Batzordeak buru osasunari eta suizidioaren prebentzioari buruz eratutako ponentzian, eta Arrasateko elkarteak politikariei gogorarazi die patologia duala duten pertsonek gainontzeko herritarrek baino sei aldiz arrisku handiagoa dutela beren buruaz beste egiten saiatzeko.
Patologia duala sufritzen duten pertsonen familiek eta lagunek sortutako elkartea da Katearen Loturak, haiei laguntzeko eta irtenbide soziosanitario bat bilatzeko, eta Idurre Bidegurenek, EH Bilduko senatariak, gonbidatuta hartu dute parte ponentzian, arlo ezberdinetako adituak, gizarte mugimenduak eta elkarteak baitabiltza parte-hartzen ahalik eta begirada zabalena izan dezaten. Era horretan, Espainiako Senatuak plan bat egin nahi du.
Ez da lehen aldia
Martxoan aurkeztu zuten Katearen Loturak elkartea, baina jardun mamitsua izan du 2019tik; adibidez, politika instituzionalean izan du aurrez eragina, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eurek eginiko eskariz, Gipuzkoan patologia duala sufritzen duten pertsonak artatzeko zentro baten irekitzearen alde bozkatu baitzuten EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularraren aldeko botoekin.