Saharar jatorriko jende ugari batu da bertan eta tartean izan dira ordezkari politikoak ere: Maider Morras, Arrasateko alkatea; Jasone Giraldo, Arrasateko Udaleko Bizikidetza Saileko zinegotzia; edota Rebeka Ubera eta Lore Martinez, EH Bilduko legebiltzarkideak. Sahara aske baten aldeko aurtengo Maritxu Kajoi Eguneko eskapularioa zeramaten soinean euretako askok eta baita saharar herriaren bandera ere eskuetan.
Saharako ordezkaritzaren eskutik esker-plaka bat jaso du Maider Morras alkateak: "Euskal Herriko Saharar Diasporak biziki eskertzen diogu Arrasateko Udalari, saharar herriarekin egindako lanarengatik, konpromisoagatik eta elkartasunagatik".
Ospakizunak aukera eman du Saharako produktu, eskulan, joko, jantzi, dantza edota musika ezagutzeko ere.
Saharar Batasun Nazionalaren Eguna
Badira 49 urte Marokok eta Mauritaniak Mendebaldeko Sahara okupatu zutela. Testuinguru horretan, 1975eko urriaren 12an, herri sahararrak Fronte Polisarioaren oinarriekin bat egin zuen, Saharar Batasun Nazionalaren Eguna izendatuz eta haien lurraldea berreskuratzeko indarrak batuz.
Gaur egun, Marokoren okupazioak bere horretan dirau eta sahararrak behartuta daude Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan bizirautera edota haien lurraldetik urrun emigratzera.
49 urteko erresistentzia hori da gaurko egunez ospatzen dutena.