Domingo Martinez Irala (1509-1556) bergararra esploratzailea eta konkistatzailea izan zen. Karlos V.a enperadorearen gorteko jauntxo eta Paraguaiko gobernadore hamabost urtez. Kalea dauka Bergara erdigunean. Bergarako kapitaina ezizenez ezagutzen zen pertsona horri buruzko talde-ariketa hasi du herritar talde batek, Dekolonizatu Bergara ekimenaren baitan. Astean solasaldia izan dute Gure heroiak: Elkanoren eta Euskal Herriko kolonialisten historia bat liburuaren egile Axier Lopezekin. "Gure herriko kaleen izenak hain barneratuta ditugunez, ez gara nor izan diren
pentsatzen hasi. Baina, batez ere, zer egin duten eta zergatik duten kale bat. Garai bateko gizartearen isla dira kale horiek guztiak", esan dio GOIENAri Lopezek.
Kale-izendegi publikoa
Garro Jenerala, Nao Santiago eta Elkano kaleak Arrasaten, Irala kalea Bergaran eta Lope Agirre kalea Oñatin dira adibideetako batzuk: "Herri bakoitzak kasuistika ezberdinak ditu, baina atzeko egoera oso berdintsua da. Kale-izendegi publikoa eta gardena egitea ezinbestekoa da. Herritarrek jakin behar dute zein ekintza egin zuten pertsona horiek. Esklabistak eta kolonialistak izan ziren guztiak. Bilboko Udalak, adibidez, kale guztien gaineko inbentarioa dauka. 700 kale baino gehiagoren informazio zehazten du webgunean, herritarren eskura: izenaren arrazoia, nor zen pertsona hura, noiztik, nork erabakita...".
Sexu-esklabotza
Oroimen historikoa aldarrikatzen duten hainbat eragile hasi dira kale horien izenak aldatzeko eskaerak egiten. Zuztarrak Errotuz taldeak Arrasateko Alfontso VIII.a kaleari 17 Emakume kalea
izena ipintzeko eskatu zion Udalari. Urriko osoko bilkuran eman zaio behin betiko onarpena erabaki horri. "Oroimen historikoa gehienez ere heltzen da 36ko estatu-kolpera. Legeak daude. Aipatzen da zeintzuk diren biktimak eta biktimarioak. Oso herri gutxitan geratzen dira frankismoarekin lotutako kaleak eta monumentuak. Gaur egun inork ez du aldarrikatzen frankista denik. Hortaz, garai harekin lotutako kaleak, monolitoak, monumentuak eta beste kentzeko adostasun zabala dago alderdi politikoen artean". Baina zer gertatzen da 36tik atzeragoko oroimen historikoarekin? "Frankismoaren aurretik begiratzen badugu, konturatzen gara omentzen ditugun pertsona batzuk euskal herritarrak direla, eta, gainera, zapaltzaileak, esklabistak edo konkistatzaileak izan zirela. Eta, noski, gure herriko pertsona bat zalantzan jarri behar dugunean, zauria are handiagoa izaten da. Arrasateko Garro Jenerala Espainiako kolonia askotan ibili zen, Mexikon eta Txilen, besteak beste, sexu-esklabotzarekin. Mundu mailan esklabotzaren gainean dagoen kontzientzia ikusita, nola da posible hemen halako memoriarik eza izatea? Debagoienean
esklaboak egon ziren euskal herritarrentzat lanean", azpimarratu du Lopezek.
Bi garai zehatzetan
Frankismoaren aurreko pertsonen omenezko kaleak, plazak eta monumentuak bi garai zehatzetan ipini zituzten Hego Euskal Herrian: alde batetik, Espainia bere koloniak galtzen hasi zenean, XIX. mendearen amaieran; eta, beste alde batetik, frankismoan: "Duen kale-izendegiaren gaineko hausnarketa egin beharko luke herri bakoitzak, eta emaitzen araberako aldaketak proposatu".