Salerosketak gauzatzeko oinarriak publikatu berri ditu Arrasateko Udalak webgunean. Hala, "prozesu ireki bidez" eskuratu ahal izango ditu landa lurrak. "Honek aukera emango die landa lurren jabeei haien eskaintzak aurkeztu ahal izateko". Horretarako epea azaroaren 8 izango da.
Proposamenak isilpekoak izango dira, eta, horretarako, bi gutun azal itxi (A eta B) edo bi artxibo elektroniko (A eta B) beharko dira. A gutun-azalean lursailaren irizpide teknikoak jasoko dituzte; hau da, kokapena eta azalera. B gutun-azalean, aldiz, irizpide ekonomikoak, hau da, jabeak sailaren salerosketarako ezarritako prezioa (euro/m2). Prezio horrek ezingo du gainditu gehienezko prezioa (0,50 euro/m2). A eta B irizpideetan jasotako puntuazioaren arabera erosiko ditu Udalak lursailak, aurrekontua agortu arte.
Bioaniztasuna berreskuratzeko helburua
Politika ekologikoak sustatzeko deialdia da, udal ordezkarien esanetan. "Lur pribatuak publifikatuz basogintza politika ekologikoak burutzeko aukera izango dugu, bertako bioaniztasuna berreskuratuz, eta horri bide eman diezaiokeen bestelako kudeaketa mota batzuetan arakatzeko aukera zabalduz", adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
Gaineratu duenez, garrantzitsua da dokumentazio guztia zuzen jaso eta aurkeztea, bestela, proposamenak baztertu egingo baitituzte. Horregatik, edozein zalantza izanez gero, Udaleko Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun sailarekin harremanetan jartzeko dei egin du. Horretarako, bi bide daude: 43 25 20 09 eta 943 25 20 00 (201 luzapena) telefonoetara deitu edo rugarte@arrasate.eus helbidera idatzi.