Arrasateko udaletxeko armarrian, koroa gainean, egilearen sinadura dagoela berretsi du Arrasate Zientzia Elkarteak. Udalarekin elkarlanean egiten ari diren lanketan, Emovere enpresak dronearekin ateratako argazki baten bitartez egin dute aurkikuntza. "Letona historialariak zioen 1760an onartu zutela armarriaren diseinua. Halaber, Uranga historialariak nabarmendu zuen koroak egilearen sinadura zuela barnean, Manuel Martin Carrerarena, hain zuzen. Armarria 18 urterekin egin zuela ere jartzen du sinaduran", azaldu du Jabier Bengoak, Arrasate Zientzia Elkarteko kideak.
Urriaren 19an, bisita gidatua
Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, hirigune historikoko armarriak ezagutzeko bisita gidatua egingo du Arrasate Zientzia Elkarteak, Jose Mari Agirre historialariarekin batera. Urriaren 19an izango da, 11:00etan Iturriotz iturritik abiatuta (Zerrajera kalea) eta, hain zuzen, bisita hori baliatuko dute aurkikuntzaren berri emateko.
Hogei plazako muga izango du saioak, euskaraz zein gaztelaniaz izango denak, eta parte hartzeko, izena eman beharko da, 943 25 20 20 telefonora deituta edo kultura@arrasate.eus hebidera idatzita. Doakoa izango da.
Hirigune historikoan dauden etxe eta jauregietako armarriak ezagutzeko aukera izango da bisita horretan, "Iturriotz iturria Erdi Arotik erreferentzia izan da herritarrei ura hornitzeko. Beharbada, Arrasateko eraikin zaharrenetarikoa izango da, 1390ekoa", azaldu du Bengoak.
Handik, Arrasate Pasealekura joango dira eta Iturriotz kaletik sartuko dira erdigunera. "Hor, Bañez de Artazubiaga jauregiko armarriari buruzko azalpenak emango ditugu eta handik Indianokua etxera joango gara, gero Portaloira iristeko. Beste hainbat armarri ere erakutsiko dizkiegu herritarrei", dio Bengoak. Udaletxeko armarriaren azalpenarekin bukatuko dute bisita, aurkikuntzaren berri emanez.
Arrakasta izan ohi dute
Arrasate Zientzia Elkarteak askotariko bisitak egin izan ditu jardunaldi horien baitan, hala nola, Amandre Santa Inesi buruzkoa edo Uribarriko Tellerixe labera egindakoa, eta Bengoak dio arrakasta handia izan ohi dutela bisita horiek. "Ohiko merkatutik kanpo dauden bisitak egiten saiatzen gara".