Urriak 4 ditu, eta, urtero urriko aurreneko egubakoitzean gertatu bezala, Maritxu Kajoi jaia ospatuko dute Arrasaten. Gazte zein heldu, herritar ororentzat berezia izaten den eguna da, baina badaude urtero modu bereziagoan bizi dutenak; izan ere, badaude urtebetetzea Maritxu Kajoi Egunean betetzen duten arrasatearrak, eta urtero euren zerrenda bat argitaratzen du komisioak. 26 izen-abizenek osatzen dute aurtengo zerrenda, eta guztiek izango dute zer ospatu aurtengo Maritxu Kajoi Egunean.
Plana ez da aldatzen
Gaurko egunean urtebetetze eguna ospatzen duten zerrendako bi dira Josu Herrero eta Ander Murua arrasatearrak, eta, Maritxu Kajoi modu ezberdinean ospatuko badute ere, "ohiko planari" eutsiko diotela aitortu dute. Muruarentzat eta, haren ustez, "arrasatear guztientzat oso berezia eta polita" izaten da Maritxu Kajoi Eguna, "kuadrilla guztiak elegante jantzita elkartu eta herriko kaleetan batera" ibiltzen direlako. Herrerok ere hala uste du, eta, haren "jai gustukoenak ez badira ere, oso egun polita da betiko lagunekin elkartzeko –batzuk, gainera, aspaldi ikusi gabekoak izaten dira–, bazkaltzeko eta eguna eurekin igarotzeko".
Aurtengoa berezia izango da bientzat, euren urtebetetze egunarekin bat egingo duelako jaiegunak. Muruari, baina, "bereziagoa" izango dela aitortu arren, eguneko planean ez dio aldaketarik eragin: "Duela sei bat urte ere nire egunarekin bat egin zuen jaiak, eta egia da jende gehiagok zoriondu ninduela, baina planak berbera izaten jarraitu zuen: goizean lagunekin irten, eurekin bazkaltzera joan, eta ostean kalean buelta bat ematea". Herreroren kasuan, azken unera arte ere ez zen ohartu bere urtebetetze eguna eta Maritxu Kajoi aldi berean ospatuko zirela: "Anekdota gisa, konturatu ere ez nintzen egin biak egun berean izango zirela. Ez dut irteteko gogo handirik, eta etxekoekin bazkalduko dut, nire eguna ere ospatu dezagun. Ea gero lagunekin trago batzuk hartzera irteteko aukera dudan".
Herritik kanpo ezaguna
Arrasatearrak bai, baina herrikoak ez direnak ere sarritan etortzen dira Arrasatera Maritxu Kajoi jaira; izan ere, bailaran eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan ezaguna den jai bat da, eta, goizetik hasita, herritik kanpo etorritako jendea ikusten da Arrasateko kaleetan zehar. Herrerok dio kanpoko hainbat lagunekin hitz egin duela Maritxu Kajoiri buruz: "Herritik kanpo jai ezaguna dela iruditzen zait, nahiz eta azkenaldian beherakada bat izan duela iruditzen zaidan. Baditut lagun batzuk –Euskal Herritik kanpokoren bat ere bada– jaia ezagutzen ez zutenak baina etorri eta hemengo giroarekin harrituta gelditu direnak". Muruak, bestalde, unibertsitateko garaia gogoratzen du: "Unibertsitatean ari nintzenean, herrikoak ez diren lagun asko etortzen ziren Maritxu Kajoi Egunean festaz gozatzera".
Kirolak eragina
Herrero eta Murua kirolari lotuta egon dira urte askoan, eta gaur egun ere lotuta jarraitzen dute, eta, beraz, Maritxu Kajoi festa ospatzen denean kirol hitzorduren bat izan dezakete. "Kirolak asko baldintzatzen du eguna; izan ere, iaz partidua jokatu behar izan nuen zapatu goizean, eta ezin izan nuen egunaz guztiz gozatu, afaltzeko orduan etxera joan behar izan nuelako", dio Muruak. Herrerok zorte hobeagoa izan du urte batzuetan; izan ere, "Arrasaten jokatutako partiduak domekan" jartzen zituzten. Hala ere, gaur egun entrenatzaile ari da, eta "partidu batzuk zapatu goizean jokatu behar" izan ditu. Kontuak kontu, urtero bezala aterako dira Herrero eta Murua euren egunaz baina, batez ere, Maritxu Kajoiz gozatzera.