Arantxa Urretabizkaia: "Agintariak ez dira jabetu zenbat zahar errebelde datorkien"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 4a, 11:55

Arantxa Urretabizkaia, martitzen arratsaldean, Kulturate atarian.

Urriaren 1ean aldarrikatu dute Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, eta Arrasateko Pertsona Nagusien kontseiluak gonbidatuta izan da Kulturaten Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947). Hain zuzen, hainbat aitortza esanguratsu jasotako idazleak gogoetara gonbidatu zituen adinkideak. Zergatik lotsatzen gaitu zahartzaroak? galderari erantzuna topatzen saiatu zen.

Zahartzaroko alde onak eta txarrak zerrendatzea proposatu zenuen saioan; ze aldarterekin sumatu dituzu Arrasateko entzuleak?

Baikor; izan ere, gauza positiboen zerrenda txarrena baino luzeagoa irten zen. Eta horrek zerbait esan nahi du. Beste alde batetik, entzuleak parte-hartzaile bilakatzeko ariketa da, eta Arrasaten funtzionatu zuen.

Zergatik lotsatzen gaitu zahartzeak?

Onartu ditugu dikotomia pare bat. Bat da gazte berdin on, eta bestea da zahar berdin txar. Hala, zahartzea gauza txarra da, eta horrela dugu sartuta burmuinean. Horregatik lotsatzen gaitu zahartzeak. Lotsatu egiten gara eta ahalegintzen gara gure itxura gaztetzen, adina ezkutatzen...

Beti ez da horrela izan, ezta?

Ez. Nire belaunaldikoak gazteak ginenean ez zen horrela. Gazteak ginen ikasleak, eta merituak egin behar genituenak heldu errespetatu izatera heltzeko. Aldaketa 1968. urtearen bueltan etorri zen. Ordutik hona, bizitzaren gailurra gaztaroa da, eta hortik aurrera gelditzen den bakarra da aldapan beherakoa. Hori da gaurko eredua eta denok onartzen duguna.

Diozu zahartzeko modu tradizionala desagertzen dagoela ia erabat eta zahartzeko eredu berriak probatzen ari garela; zure mezua da nola zahartu aukeratu ere egin dezakegula orain.

Ez dago inon jasota nola zahartu behar dugun ez eta nola egin behar diogun aurre zahartzaroari. Hartu kontuan, gainera, gizadiaren historian lehenengo aldia dela belaunaldi oso batek zeharkatzen duela 80 urteko muga. Belaunaldi horrek ez du maparik eta ez dago baliatzeko esperientziarik. Horregatik diot adi egon behar dugula zer gertatzen den hor; izan ere, atzetik gatozenek hortik ikasi beharko dugu.

Belaunaldi aldarrikatzailea ari da heltzen zahartzarora, gainera.

Hala da. Nik Euskal Herriko eredu gisa jartzen ditut beti pentsioen defentsan kaleak betetzen dituzten zahar horiek guztiak. Zaharrak dira, baina bizitzan zehar ikasi dute nola defenditu behar diren ideiak eta nola borrokatu behar den zerbait lortzeko. Eta hori ez da zahartzaroarekin ahazten. Gizarteari aldaketa oso handia datorkio hor. Agintariak ez dira jabetu zenbat zahar errebelde datorkien.

Ze iritzi duzu zahar hitzaren erabileraz.

Nik zahar hitza erabiltzen dut ez didalako lotsarik ematen zaharra naizela esateak. Esan behar dut baita ere euskarazko zahar hitza samurragoa iruditzen zaidala gaztelerazko vieja baino. Baina, galderara etorrita, iruditzen zait bestelako esamoldeak erabiltzea dela zahartzaroa ezkutatzeko beste modu bat. Kazetari gisa jarduten dudanean saiatzen naiz ni ere ahalik eta neutralen adierazten, baina idazle gisa ez dut betebehar hori, eta ni zaharra naiz eta gazteak bezala onartua izan nahi dut gizartean. Ez dut ulertzen jendeak esaten duenean: "Nire garaian". Uste dut garai hau nirea ere badela, ez gazteena bakarrik.

Adinkeriak kezkatzen zaitu?

Kezkatzen nau eta kezkatzen nau are borondate onarekin egindakoak. Alderdi politiko batek aldatzen du ordezkaririk ospetsuena eta esaten dizu gazteagoa dela; oso interesantea da, baina gaztea izatetik aparte ideia berritzaileak ditu? Ala zaharragoen ideiak errepikatzen ari da? Hori axola zait, ez adina.

Sumatzen duzu adinkeriarik?

Nik bai, eta gauza askotan. Esaterako, Arrasateko saioan azpimarratu zen gizarte honek nola umetzen dituen zaharrak, eta zahartzeak ez zaitu derrigorrez ezgai bilakatzen. Kasuren batzuetan izan daiteke. Badira zaharrak ez direnak beraien erantzukizuna defendatzeko gauza edo ez dutenak nahi. Beste adibide bat jarriko dut. Aurrekoan entzun nuen Bruce Springsteen Donostiara datorrela. Ni zalea naiz eta Bruce Springsteen adinkidea da. Nire adina du. Ez dizkio inork bere eskubideak ukatuko. Ba, niretzat, hura bezain eredugarri dira pentsioen alde borrokatzen diren zaharrak.

Eta genero ikuspegia sartzen badugu?

Arrasateko saioan askoz ere emakume gehiago zegoen gizonak baino. Horrekin esan nahi dudana da emakumeek adin batetik aurrera erakusten dutela argi eta garbi ikasi egin nahi dutela, eta joaten dira unibertsitateko ikastaro berezietara, hitzaldietara... Beti daude emakumeak. Gertatzen dena da emakumeei esan digutela beti isilik egon behar dugula, ez dugula nabarmendu behar... Eta hori sartu zaigu burmuinaren sakoneraino.

Zahartzaroaren alde txarren artean aipatu zenituzten osasunik eza, gogoz kontrako bakardadea, trabarik ez egitearen ardura... Mezu indartsua duzu horrekin lotuta.

Batez ere, emakumeoi gertatzen zaigun gauza bat da. Beti esan izan digute erortzen bagara jasoko gaituen sarea familia dela, eta familiari lotuta gaudela. Eta horrela da, familiari lotuta gaude eta familia oso ondo dago, baina gure esku dago lortzea beste sare bat familiatik kanpo. Adiskideak, interes bat partekatzen dutenak –musika, literatura, jostea...–. Sare hori ere oso garrantzitsua da; izan ere, ez da maitasun kontua, baizik eta bizi-baldintza kontua. Nahita ere familiak batzuetan ezin du lagundu, eta lagunek bai.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak