Egubakoitzean indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarriko ditu Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 30a, 15:14

Maritxu Kajoi eguneko mirariaren unea, iaz.

Arrasateko Udaleko Feminismoa eta LGTBI+ Sailak, Maritxu Kajoi egunari begira, indarkeria matxistarik gabeko aldarria egin du eta aurten ere hainbat euskarri eta baliabide plazaratuko ditu, hala nola, indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea, arreta puntua edota arretarako telefonoa.

Indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea Arbolapetan egongo da Maritxu Kajoi egunean, urriaren 4an, 18:00etatik 00:00etara. Indarkeria matxistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira laguntza, informazio edo eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko.

Gune horren helburuak honako hauek dira, besteak beste: emakumeak eta herritarrak oro har indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea, emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipenak, iritziak eta interesak jasotzea, babes eta elkartasun gune bat sortzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak ematea, erasotzaile izan daitezkeenei ohartaraztea dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela, eta emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea, eta horretarako bitartekoak eta lan tresnak eskaintzea.

Arreta puntua Gazte Bulegoan

Bestetik, arreta puntua egongo da Gazte Bulegoan, 00:00etatik zapatu goizaldera arte –08:00–. "Emakumeek* eta neska* gazteek jaietan, indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzeaz gain, arreta, babes zein elkartasun gune bat izango da", azaldu dute udal ordezkariek."Indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan emakume adituak egon dira. Horrez gain, espazioa irekita egongo da LGTBI komunitateak jaso dezakeen erasoen aurrean".

Telefono zenbakia, urterokoa

Azkenik, telefono zenbaki bat ere jarriko dute, urterokoa, laguntza eskatzeaz gain, informazioa edo aholkuak emateko –688 809 137–. Egubakoitzeko 18:00etatik zapatuko 08:00etara egongo da erabilgarri.

Emakume Txokoaren bitartez eskaintzen dituzten baliabideak eta euskarriak bestelako zerbitzu eta protokoloekin koordinatuta joango dira, hala nola, Udaltzaingoarekin eta Gizarte Zerbitzuekin nahiz herriko beste eragileekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak