Pakito Arriaran oroitzeko urteroko ekitaldiak dimentsio handiagoa hartu du aurtengoan. Mundu berri bat daramagu bihotzean izenburuarekin, Monterron parkeko harmailak jendez bete dira familiak eta gertukoek prestatu dutena ikusteko irrikaz.
Txalapartak, aurreskuak, eta Eusko Gudariak eta Internazionala kantuek borobilduta, elkarrizketa mamitsua plazaratu dute El Salvadorko errealitatea eta mugimendu iraultzailea modu batera edo bestera ezagutzen duten lau emakumek: Naroa Iturrik, Beatriz Ilardiak, Beatriz Yarzak eta Miren Odriozolak.
Bakoitzak bere esperientziak kontatu ditu eta denen artean Pakitoren eta El Salvadorren argazkia osatu dute, iraganeko gertaerak eta gaur egungo testuingurua azalduta. Une hunkigarriak ere egon dira, txalo zaparradekin goxatuak. Besteak beste, gogoan izan dituzte Marta Gonzalez eta Begoña Garcia euskal mediku gazteak, eta haiek bezala El Salvadorren "justiziaren alde, eskubideen alde, mundu berri baten alde lan egiteagatik" hil ziren 150 militante internazionalistatik gora.
"Omenaldi berezia"
Felix Arriaran, Pakitoren anaia, pozik agertu da ekitaldiaren bukaeran, zerbait berezia egitea lortu dutelako: "Goitik beherako diskurtsoa baino, hizketaldi bat proposatu dugu, eta testigantzak entzuteaz bat urte haiek politak ere izan zirela frogatu ahal izan dugu". Jaso duten babesarekin eskertuta agertu da: "Azkenaldian jendea erakartzea, mugitzea, oso zaila da. Baina, lana eginaz, herri honek zerbait berezia izan du beti. Oso pozik gaude harreragatik".
Naroa Iturrik gidatu du ekitaldia eta internazionalismoaren garrantziaz jardun du balorazioa egiterakoan: "Askotan ez dakigu zer izan den internazionalismoa. Zenbat eta zenbat euskaldun egon diren munduko edozein txokotan, herri horien alde borrokan. Nik hori ikusi nuen El Salvadorren duela 15 urte: zenbat euskaldun pasa diren handik, ze gutxi dakigun haiei buruz, hango jendeak nolako maitasuna dieten, zenbat dakiten Euskal Herriaren inguruan. Bi norantzako elkartasuna da".