Joan den eguenean egindako Mondragon Unibertsitateko taldeen aurkezpenean, bertaratutakoek gertuagotik ezagutu ahal izan zuten emakumezkoen taldeko entrenatzaile berria, Carlos Diaz (Sevilla, 47 urte). Kirol Psikologian doktorea eta EUNEIZ unibertsitatean ikerlari eta irakaslea, sevillarrak entrenatzaile lanetan jardun du, besteak beste, Mexikon, Ekuadorren, Irlandan eta Espainiako zenbait taldetan –Extremadurako emakumezkoen selekzioko entrenatzaile izan da zenbait urtez–.
Bada, aurkezpen ekitaldian entrenatzaileekin eta kapitainekin egindako solasaldian Diazek aurreratu zituen klubean egindako lehenengo hilabeteotan izandako inpresioak: "Hemengo komunitatean antzeman dudan lehenengo gauza da ilusioa dagoela proiektu honen bueltan. Eta, seguruenik, gehien harritu nauen kontua da ikustea zer-nolako apustua egin duten emakumezkoen kirolaren alde. Baina apustu hori ez dute egin momentu konkretu batean talde konkretu batek emaitza onak lortu dituelako. Ez, hau aspaldi hasitako lana da, harrobitik egindako apustua da, eta, tamalez, hori ez da leku guztietan ikusten".
Diazek dio halako apustuak klub handietan eta nazioartean normalagoak direla, baina ez direla horren ohikoak klub txikietan: "Akaso, hemen hiriburuetako kirolgune edo klub handietatik urrun samar egon gaitezke, eta, hala ere, apustu berbera egiten gabiltza; hori nabarmentzekoa da". Eta Sevillakoak Plasencian (Caceres) bizi izandako esperientziarekin alderatzen du Ointxe!-n ikusi duena: "Han kirol zuzendaria nintzen, eta ikusi nuen posible zela herri txiki batek klub handi bat izatea eta inguruan erreferente bilakatzea. Plasencian, esaterako, oso baliabide gutxirekin asko egiten dute, zuzendaritzatik hasita asko zaintzen dutelako emakumezkoen kirola, eta gizonezkoak baino gehiago nabarmentzen dira emakumezko jokalariak. Hala, garrantzitsua da elkarbizitza hori sustatzea: alegia, gizonezkoen kirolak bere espazioa izatea eta, aldi berean, emakumezkoena adierazgarria izatea".
Zentimetro faltan
Kategoria berrian izango dituzten zailtasunekin lotuta, Diazek mailaz igotzen diren talde gehienek izaten dutena nabarmendu du: "Zentimetroak falta zaizkigu, normala den moduan. Goi mailako kategorietan taulapean indarra gailentzen da. Alegia, zenbat eta gorago egon, orduan eta zentimetro gehiago behar dira. Garaiera handiko jokalariak garrantzitsuak dira, eta kategorian lehenagotik dauden taldeek ezaugarri horietako jokalariak ezinbestean izaten dituzte. Gu iritsi berriak gara, ez ditugu ezaugarri horiek dituzten jokalariak, eta hutsune hori beste modu batean bete beharko dugu, erasokorrak izaten, agresibitate puntu batekin jokatzen eta, bereziki, ausartak izaten".