Mikel Etxebeste: "Tsunami bat izan da mendian behera etorri dena"

Xabier Urtzelai 2024ko ira. 22a, 22:09

Zapatu gauean hasi eta domekan ere etxetik ura eta lokatza ateratzen pasa du eguna batek baino gehiagok Lezaunen (Nafarroa). Horretan ibili dira, besteak beste, Mikel Etxebeste eta haren senitartekoak, zapatuko euriteen ondoren irudiek erakusten dute-eta zer nolako uholdea sortu zen Lezaungo kaleetan bertan. "Ikusgarria izan zen, eta herrian apenas egin zuen euria, baina mendian sekulakoa bota zuen".

Etxetik lokatza atera eta altzariak sikatzen jartzeko eguna izan da domekakoa Lezaungo zenbait etxetan. "Bart goizaldeko 02:00ak arte geratu gara, eta 08:00etan martxan genbiltzan ostera ere. Gurasoen etxera metro erdi ur sartu zen-eta atzo", dio Mikel Etxebestek (Arrasate, 1979). Ia 25 urte dira Etxebeste Lezaunera bizi izatera joan zela, pandemia bete-betean herriko alkate izateko ardura ere hartu zuen, eta denbora tarte honetan ez zaio halakorik ikustea egokitu. "Herrian ez zuen euri askorik bota, baina Lezaun gaineko mendietan, Iturgoieneko Trinitatean eta inguruetan hiru ordutan 140 litro ur bota zituen, eta ondorioz, Lezaunera datozen bi arroilak sekulako ur emariaz zetozen. Kontua da, baina, arroila horietan presa modukoak sortu zirela. Presetako bat enbor eta bestelakoekin sortu zen, eta beste presa herria mendiarekin banatzen duen itxiturak sortu zuen. Hala, uraren presioarekin presa horiek apurtu zirenean tsunami modukoa etorri zen herrira".

Ur emari horrek bereziki bi kale hartu zituen, lau etxebizitza guztira. "Herritik kanpo dagoen hirugarren arroila batek abeltegi bateko sarbidea ere aurretik eraman du, bi metroko sakonera eta lau metroko zabalera duen lubakia sortu du, eta ezin dira abeltegira sartu, 600 kilotako harriak mugitu ditu urak. Bihar hondeamakina bat ekarri beharko dute sarrera hori txukuntzeko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak