Nick Linbött arituko da Aurrera Bolie Egunean

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ira. 20a, 11:21

Nick Linbött taldea osatzen duten musikariak talde-argazkian. Argazkia: Nick Linbött

Zapatu honetan ospatuko da Aurrera Bolie Eguna, eta egun osoko egitarauaren barruan kontzertuek ere lekua izango dute. Hain zuzen ere, Arrasateko gaztetxean, 22:00etan hasita, Maniaks, Nick Linbött eta DJ Bad Sound Sister arituko dira.

Rober Gurt bateria-joleak, Peru Atxa baxu-joleak, Jagoba Domingo gitarra-joleak, Marina Garmendia saxo-baritonoak, Ibai Akizu saxo-tenoreak eta Andoni Iñurritegi Pottoko abeslariak osatzen dute Nick Linbött taldea, eta zapatuan diskoko kantuak aurkeztuko dituzte Arrasateko gaztetxeko emanaldian.

Talde berria da Nick Linbött, nahiz eta esperientzia eta ibilbide luzea duten musikariek osatzen duten honako proiektu berri hau. Peru Atxa Libertad Condicional taldeko kide izan da; Jagoba Domingo eta Ibai Akizu Screamers & Sinners eta Galerna taldeetako kide izan dira; Marina Garmendia Arrasate Musikaleko Big Band-ean aritu da, eta Andoni Iñurritegi Pottoko Never Surrender taldeko abeslaria izan zen. "Jagoba eta Pottoko hasi ziren taldea osatzen, eta ia bi urte izan gara lokalean kantuak konposatzen eta gure estiloa lantzen eta musika fintzen. Bi urteren ostean, aurten egin ditugu lehen urratsak agertokietan, baina hasi bezain pronto diskoa grabatzen hasi ginen". Orain diskoa grabatu berri, zuzenekoetara bueltatuko dira rock-and-rolla lau haizeetara zabaltzera.

Rock-and-rolla oinarri

Irati tabernan egin zuen taldeak lehenengo kontzertua, apirilaren 20an; bigarren emanaldia, berriz, Plentzian egin zuten, Txiberri Fest jaialdian; eta hirugarrena, eta orain arteko azkena, Bilboko Nave 9 aretoan eskaini zuten. "Hiru emanaldiren ostean, Bilboko Silver Recordings estudioan Capsula taldeko Martin Guevareren gidaritzapean diskoa grabatzera joan ginen; ostegun batean hasi eta domekan nahasketekin amaitu genuen. Egiten dugun musika estiloa rock-androlla dela diogu, baina psychobilly, punk-rock eta ska ukituak ere badituzte gure kantuek. Zortzi abestiz dago osatuta diskoa, eta kantu batetik bestera aldea dago; izan ere, abesti ezberdinak dira elkarren artean, eta horrek ere ematen dio berezitasuna diskoari. Gainera, diskoak dituen kantu guztiak euskarazkoak dira", adierazi du Peru Atxak, Nick Linbött taldeko baxu-joleak.

Zortzi kantuz osatutako diskoa aurkeztuko dute arrasatearrek zapatu honetan

Hurrengo emanaldia, zehaztuta

Aurrera Bolie Egunean Maniaks eta DJ Bad Sound Sister taldeekin Arrasateko gaztetxean kontzertua eman ostean, hurrengo kontzertua Aretxabaletan izango dute urriaren 11n, Herrixa Kuartelera egitasmoaren barruan. Beraiekin batera eskainiko dute kontzertua Wood Strings eta Jasan taldeek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak