Kontzientzia hartzeko egunak Mugikortasun Jasangarriaren Astean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ira. 20a, 09:54

Zapatuan Arrasaten egingo den Birzikleta Azokarako gertatzen atzo, eguena. (Argazkia: Xabier Urtzelai).

Mugikortasun Jasangarriaren astearen barruan hainbat ekintza antolatu dituzte Arrasaten, eta horietako bat izango da bihar egingo duten birzikleta azoka; bigarren eskuko bizikletak eta ziklismoko osagarriak erosi ahal izango dira.

Debagoienera ere iritsi da Mugikortasun Jasangarriaren Astea, eta horren adibide dira, besteak beste, Arrasateko Udalak aste honetarako antolatu eta egin dituen hainbat ekintza. Aste osoan doakoa izan da herribusa eta domekara arte halaxe izaten jarraituko du.

Beste urte batez, Arrasate Herri Eskolako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleak oinez joan dira eskolara, taldeka, Udalako Ingurumen Eskolako irakasleek lagunduta. Denera, 61 ikaslek hartu dute parte. Ingurumen Eskolakoek adierazi dute San Andres eta Erguin auzoetatik hamasei ikasleko taldea osatu dutela eta erdialdekoan, berriz, 45 lagunekoa. "Oso pozik" daudela adierazi dute Ingurumen Eskolakoek, iaz baino talde handiagoa osatu dutelako aurtengo edizioan, eta espero dute datozen asteetan ere ikasleek ikastetxera oinez joaten jarraitzea: "Nahiko genuke astebetean lagundu ostean ohitura horrekin jarraitzea ikasleek hemendik aurrera. Ea euren kabuz taldeak osatzen dituzten eta taldeka etortzen diren".

Eskolara Oinez ekimenean parte hartu duen taldea. (Argazkia: Udalako Ingurumen Eskola).

Birzikleta azoka bueltan

Azkenengoz 2019an egin zuten Birzikleta Azoka bueltan da. Egoera onean dauden bizikletak eta osagarriak batu dituzte, adin guztiendako, eta bihar 11:00etatik 14:00etara bitartean jarriko dute salgai jasotako materiala udal azokan –azoka 10:45ean zabalduko da, baina salmentak 11:00etan hasiko dira–. Eguaztenerako, 115 produktu zituzten jasota, eta horietatik, gutxi gorabehera, 71 ziren bizikletak: umeendako, mendirako, biderako, paseorako, elektronikoa edota haurrendako triziklo eta motorrak. Horietaz gain, kaskoak, arropak nahiz osagarriak eta bestelakoak ere jaso dituzte.

Produktuen prezioak jabeak jartzen ditu, eta eguaztenera arte jasotako bizikletarik garestiena 700 eurokoa zen.

Materialen bat erosi nahi duen herritarrak prozedura hau jarraitu beharko du: lehendabizi, erosi nahi duen artikulua aukeratu eta bertan egongo den laguntzaileetako bati adierazi. Horrela, etiketa emango dio erosleari eta ordainketa puntura joan beharko du. Antolatzaileek adierazi dute dirua eskudirutan eta justu eroan beharko dela: "Guk ez dugu dirua maneiatzen, ez dugu kanbiorik edukitzen. Zenbateko esanguratsua duen bizikleta bada, jabeak erosleare- kin egiten du ordainketa".

Horrekin batera, saltzen ez den materiala eta saldutakoaren zenbatekoa jabeari itzuliko zaio irailaren 26an, eguena, 17:00etatik 19:00etara, udal azokan.

Beste zenbait ekintza

Martitzenerako helduek bizikletan modu seguruan ibiltzen ikasteko ikastaroa zegoen antolatuta, baina bertan behera gelditu zen, izen emate baxuagatik. Dena den, programazioaren arduradun Nerea Lazpiurrek aurreratu du udazkenean berriro egiteko ideia dutela: "Agian, ez da mezua ondo heldu. Ikastaroa zen bizikletan modu seguruan ibiltzen ikasteko, ez bizikletan ibiltzen ikasteko. Bizikletan ibiltzen diren pertsona helduei zuzendutako ikastaroa zen: bideetan bete behar diren arauak ezagutu, seinaleak, bidegorrietan nola ibili, ezaugarriak... Eta, ondoren, praktika egin herrian bertan, hainbat bide motatan trebatzeko".

Hala, udazkenerako baita ere, DBH-1eko ikasleendako ikastaroa antolatu dute, bizikletaz modu autonomo eta seguruan ibiltzen ikasteko. Lazpiurrek aurreratu du 200 ikaslek baino gehiagok hartuko dutela parte, bederatzi taldetan banatuta.

Domekan, berriz, Hartzaren Urratsa ibilbidearen hirugarren etapa egingo dute. Arrasaten hasi eta Leintz Gatzagan amaituko dute; 20,5 kilometro dira, baina gura duenak aukera izango du etapa Eskoriatzan amaitzeko –12,5 kilometro–. Izena eman behar da izenemateak. arrasate.eus atarian edo 943-25 20 00 zenbakira deituta.

Bizikleta azterketak doan

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du Mugikortasun Astearekin, eta Jarri bizikleta prest MUGIrekin kanpainak geldialdia egin du Arrasaten eta Bergaran, besteak beste, Mugi txartel pertsonalizatua duten erabiltzaileek bizikleta konpontzeko doako zerbitzua jaso dezaten. Hainbat bizikleta dendak bat egin dute egitasmoarekin eta Debagoienean Arrasateko Lizarralde Kirolak establezimenduak bizikletak doitzeko zerbitzua eskaini die erabiltzaileei.

"Ekartzen dituzten bizikletei azterketa pasatzen diegu eta, zerbait aldatu behar bada, den- da batera joateko gomendioa egiten dugu", zioen eguaztenean Bergaran lanean jardun zuen Zumarragako Zatika dendako Lander Uribesalgo mekanikariak.

Neskatila bat zain bizikleta konpontzen duten bitartean, Bergaran. (Argazkia: Jokin Bereziartua).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak