Musika arloan harrobi ona dago eskualdean, baina nekez dago denentzako tokia agertokietan; eta, hain zuzen, Arrasateko Emakume Txokokoek herriko hiru musikari gonbidatu dituzte ikasturte hasiera jaialdira, Anariren eta haren taldearen aurretik jotzeko. "Musika estilo eta ibilbide ezberdinetako emakume musikariak elkarrekin jarriko ditugu. Euskal musika eszenan erreferente den Anarik urratutako bidetik, ibilbidea egiten ari diren neska gazteen lanak ezagutzeko eta eskaintzeko aukera sustatu nahi dugu", azaldu dute antolatzaileek. Musikari gazteak "pozik" daude emandako aukeragatik; hauxe dio Anixe Uribarrenek: "Halako aukera bat nire herrian izatea eskertzekoa da, emakume artista zoragarriz beteta". Eta bide beretik erantzun dute, hurrenez hurren, Izadi Zumaldek eta Claudia Diazek: "Nola ez naiz, bada, pozik egongo Anari moduko erreferentearekin oholtza partekatzeko aukera emanda! Eta Anixeren eta Claudiaren emanaldiekin gozatzeko aukerarekin, gainera". "Oso gogotsu eta pozik nago ni ere; Anari ez da oso nire estilokoa, baina orain dela urte asko ezagutzen dut eta baditu nire gustuko abestiak".
Kontzertua dohainik izango da, eta ez da aurretik gonbidapenik banatuko: "18:45ean zabalduko ditugu ateak eta 19:00etan hasiko dira kontzertuak".
Anixe Uribarren: "Ohi bezala, DJAitor izango dut gaur ere agertokian lagun"
Hiru kantu bakoitzak
Hiru emanaldi solte egingo dituzte Arrasatekoek, bakoitzak hiru abesti eskainita. Urban edo kaleko musika, afrobeata eta reggaetona fusionatzen ditu Anixe Uribarrenek. "Berandu nabil, Zmz zaz? eta oraindik argitaratu ez dudan kantu berri bat eskainiko ditut. Ohi bezala, DJ Aitor izango dut alboan".
Gitarrarekin, Izadi Zumalde
Izadi Zumalde, berriz, batxilergoko bigarren mailako ikaslea da, baina dagoeneko askotariko auzoetako jaietan eta bestelako ekimenetan kantatu izan du.
Izadi Zumalde: "Pozik nago Anari erreferentearen agertoki berean joko dudalako"
Gitarra lagun, bakarlari formatuan jardungo du gaur. "Ez daukat estilo propio edo zehatzik; entzuten czditudan askotariko estiloetako euskal kantuetan oinarritzen da, bereziki, nire errepertorioa. Ari naiz nire kantuak sortzen, baina ez daude, oraingoz, jendaurrean erakusteko prest. Bertsioetara joko dut, beraz, gaur ere, azken unera arte kantu zerrenda guztiz finkatuta izan barik".
Claudia Diaz: "Oinarri baten gainean eta pianoa lagun abestuko ditut hiru kantu"
Pianoak lagunduta, Diaz
Pop estilotik gertu dauden kantuak abesten dituen Claudia Diaz ere igoko da agertokira. "Arrasate Musikalen emanaldietan eta Olatz Urkia akademiak antolatutako ekitaldietan kantatu izan dut aurrez. Ez dut kantu propiorik, oraingoz; bada, gustuko ditudan Sabrina Carpenteren, Celine Dionen eta Mecanoren kantu bana aukeratu ditut gaurko. Aurrez grabatutako base edo oinarri baten gainean kantatuko ditut horietako bi eta pianoren laguntzarekin hirugarrena".
Anari Bandaren 'Giza zarata'
Martxoan argitaratu zuen Azkoitiko musikariak Giza zarata bilduma sortu berri duen Tristuraren Industria zigiluarekin.
Taldearekin aurkeztuko du gaur, Amaia antzokian. Taularen gainean lagun izango ditu Xabier Olazabal baxu-jolea, Mariano Hurtado piano eta organo-jolea, Ander Mujika gitarra elektrikoarekin, Xabier Etcheverry arrabitarekin eta Mikel Txopitea bateria-jolea.