Mende erdia bete du Ikerlanek, eta ospakizunerako eguna izan du gaurkoan, zentro teknologikoak 50 urteotan izan dituen lehendakari eta zuzendari guztiak omentzeko ekitaldi bat egin baitu Arrasateko Amaia Antzokian. Han izan dira kooperatibaren enpresa, bezero eta erakunde laguntzaileetako berrehun ordezkari baino gehiago, eta ekitaldia "une hunkigarriz" beteta egon dela azaldu dute antolatzaileek: "Urrats bat, 50 urte izenburupean, Ikerlanen bizitzako 50 urteak errepasatuz egin den eszenifikazioa ere ikusgarria izan da".
Hain justu, gonbidatuen artean izan dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jaione Gantzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko sailburuordea, eta Xabier Ochandiano Harreman Instituzionaletako sailburuordea. Horrez gain, Debagoieneko ordezkaritza ere izan da ekitaldian; esate baterako, Maider Morras Arrasateko alkatea, Jaime Bengoa Arrasateko ekonomia eta enplegu zinegotzia, eta Leire Mugerza, Mondragon Korporazioko Kongresuko lehendakaria.
Eszenaratzea, lehen harritik
Harriak, harri sinbolikoak, izan dira ekitaldiko protagonistak, Ikerlanen 1974ko lehen urratsak sinbolizatzeko jarri baitute lehena, Jose Maria Ormaetxearen, garai hartako Euskadiko Kutxako zuzendaria eta Ikerlanen bultzatzailearen, esaldi batekin: "Utopia plan bat da, proiektu bat; agian, irreala, baina ez ezinezkoa. Denborak eta konstantziak erakutsi digute utopia errealitate bihurtzen dela". Ostean, bigarren harri bat jartzearekin batera, Xabier Retegi, Ikerlaneko lehen lehendakaria, eta Ane Blazquez, Ikerlaneko adimen artifizialeko ikertzailea, igo dira oholtzara, zentroaren iraganean eta orainean arreta jartzeko asmoz.
Berrikuntza eta teknologia sinbolizatu nahi izan dute hirugarren harriarekin, "horiek merkatuari egindako ekarpenari" buruzko mahai inguruari hasiera emateko. Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak gidatu du, eta bost hizlari izan dira parte hartzaileen artean: Josu Ibarbia (CAF), Jose Perez (Fagor Automation), Xabier Egibar (Laboral Kutxa), Elena Zarraga (LKS Next) eta Alberto Maritxalar (Orona).
Bukatzeko, Ikerlaneko zuzendari eta presidenteei omenaldia egin diete, eta Leire Mugertza Mondragon Korporazioko Kongresuko lehendakaria eta Adolfo Plaza Ikerlaneko lehendakariak hartu dute azkenekoz hitza, han elkartuta zeudenei gonbita eginez: "Ikerlan proiektuan 50 urte hauetan parte hartu duten pertsona guztiek utzitako ondarea zaintzeko eta etorkizuneko proiektu jasangarri, lehiakor eta ilusionagarri bat eraikitzen jarraitzeko. Balio horiek bihurtu baitute Ikerlan Euskadiko egungo erreferentziazko zentro teknologiko".